Mutrikuko portuko Plan Berezia berraztertzeko mozioa babesik gabe geratu dela salatu dute
B+Ik aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu dute EH Bilduk eta EAJk. Mozioa bertan behera lagata, portuko etorkizunari begirako proiektu barneratzaile bat egituratzeko aukera galdu dela uste du B+Ik.
Berdeak+Independenteak taldeak Mutrikuko portuko Plan Berezia berraztertzeko eskatu du mozio baten bidez, baina irailaren 24ko osoko bilkuran EH Bilduk eta EAJk aurka bozkatu ondoren eskaria babesik gabe geratu dela ohartarazi dute. Mozioa bertan behera lagata, herriko portuko etorkizunari begirako proiektu barneratzaile bat egituratzeko aukera galdu dela uste du B+I udal taldeak.
Koalizioak 2001eko Plan Berezia baztertu eta gaur egungo errealitateari egokituta dagoen plan berri bat eratzea proposatu zuen mozioan. Euren arabera, portua herrira egokitu behar da, eta “ez alderantziz”. Plan Bereziak herria modu askotan baldintzatu duela nabarmendu dute, eta horren bilakaerak inor ez duela asetu. “Batzurentzako, gu barne, gehiegi galdu da; gehiegizko eta zentzurik gabeko ingurumen urraketa egin dute. Eta, beste batzuentzako, agindutako guztia ez delako lortu; bukaezina den obra baten antzezlana da”.
Jaurlaritzaren gobernu taldearen aldaketak Plan Berezia berraztertzeko aukera emango lukeela uste du B+Ik, eta testuinguru horretan osoko bilkuran proposamena egitea erabaki zuten. Honako hiru puntuak jasotzen zituen mozioak:
- Mutrikuko Udalak Jaurlaritzaren gobernukide berriei plan berezi berri bat eratzea eskatzea.
- Udalak 2020ko errealitatea kontutan edukiko duen parte hartze prozesu bat abian jartzea, portuko plan berezi “orekatu eta barneratzaile” bat lortu ahal izateko. “Plan berriak herriaren osotasunari begiratuko lioke, eta ez eragile konkretu batzuei”.
- Prozesu parte hartzailea burutzen ez den artean, udalak Jaurlaritzari 2001ko Plan Berezia indargabetzeko eskatzea, “damutzekoak izan daitezkeen urratsak eman ez daitezen”.
Iritzi kontrajarriak. Lehen puntuarekin ados egon arren, EH Bildu eta EAJ hurrengo biekin bat ez zirela etorri agertu dute B+Iko ordezkariek. “Eskuduntzari buruzko arrazoibidea erabili, eta egungo Plan Bereziaren indargabetzeak ekar zezakeen hutsunea aipatu zuten”. Argudio horiek “ulergaitzak” iruditu zitzaizkien mozioaren bultzatzaileei. Horren aurrean, eta proposamena aho batez onartzeko nahiarekin, mozioaren azken bi puntuak kentzeko prest ere agertu ziren. “Modu horretara, udalak Jaurlaritzaren aurren jarrera finkoagoa eduki ahalko zuen”. Testua onartzeko ahalegin guztiak egin bazituzten ere, ez zela akordiorik lortu nabarmendu dute.