Ondarroako arrasteontzi bateko langile bat kaleratu dutela salatu du LABek
Kaleratutako langilea Chemaipa enpresan hauteskunde sindikalak bultzatzen ari zen LABeko zerrendako hautagaia zen. Sindikatuaren iritziz, kaleratzea "irizpide objektiborik" barik egin dute.
Sindikatuko iturriek zehaztu dutenez, Ondarroako Chemaipa enpresako Kaxu arrasteontziko sukaldari eta arrantzalea kaleratu dute. Ohartarazi dutenez, “arrantzaleen eskubideak defendatzearren” kaleratu dute langilea. Kaleratutako arrantzalea, hain zuzen ere, hauteskunde sindikalak bultzatzen ari zela azpimarratu dute LABek ordezkariek; sindikatu bereko zerrendako hautagaia zen.
Kaleratzea “onartezina” dela diote, eta gaia auzitara eramango dutela jakinarazi dute. “LAB sindikatutik gogor salatzen dugu gure kide honen kaleratzea, eta hartu behar diren neurri guztiak hartuko ditugu injustizia hau bere horretan gera ez dadin”.
LABek azaldu duenez, orain arte ez da egon ordezkaritza sindikalik enpresan. “Hainbat eskubide urraketa jasan ondoren, beraien eskubideak aldarrikatzen eta langileak antolatzen hasi ziren. Sindikatutik gure laguntza eskaini genien, eta legalki babestuta egoteko eta aholkularitza juridikoa edukitzeko, hauteskunde sindikala egiteko beharra azaldu genien”. Hauteskundeak antolatzeko lanetan hasita zeuden, eta prozedura hasita bazegoen ere, osasun krisiak dena geldiarazi zuen. “Hauteskundeak martxoan egin behar genituen”.
Hauteskunde prozesua etenda egon denez, langileak tarte horretan “babes barik” geratu direla ohartarazi dute sindikatuko kideek. “Epe horretan, kaleratutako langileak lankideen bozeramaile lanak egin ditu tarte hainbatetan. Armadoreei hainbat eskari helarazi dizkie, gainontzeko lankideen izenean”. Besteak beste, legeak ezartzen duen gutxieneko atseden egunak ez zietela ematen adierazi du sindikatuak. “Legearen arabera, gutxienez hilean bost egun lehorrean igaro behar dituzte. Normalean, lau egun, lau egun eta erdi hartzen dituzte atseden”.
Sindikatuko iturrien ustez, armadoreari ez zaio bat ere gustatu langileak beraien eskubideen alde antolatzen hastea, eta bitartekari lanetan ibili den langilea horregatik kaleratu dute: “Azken hilabeetan burututako protesten arduradun egin dute”
Baina langileak kexatu ostean, eta legea betetze aldera, bestelako lan sistema ezartzea adostu zuten. “Ontzia portuan geldirik egon beharrean, langileetako bat, txandaka, mare bat lehorrean geratzen zen. Mare hori ordaindu egingo zietela adostu zuten, baina nominak hartzerako orduan parte hori ez zietela ordaintzen konturatu ziren”. Denek berdin kobratzen ez zutela jabetuta, kaleratutako langileak armadorearengana jo zuen kontu eske. LABek esan duenez, ezarritako sistema berriagaz ados ez bazeuden aurreko egoerara bueltatzearekin mehatxatu zien armadoreak.
Azken hilabeteeotan hauteskunde zerrendetan zihoan beste arrantzale bat bi hilabetez lan eta soldata barik ere utzi zutela gaineratu dute. “Patroiagaz txarto ulertu bat eduki ostean, bi hilabeteko zigorra ipini zioten uztailaren amaieran. Horri erantzun nahian, protestatzea erabaki zuten gainontzeko lankideek. Ez itsasoratzea adostu zuten. Kaleratu duten langileak eman zion erabaki horren berri armadoreari. Ontzia ez zenez itsasoratu, protestan batu zirenak zigortu egin zituzten. Horrek dakarren galera ekonomikoak kontuan hartuta, falta larria ezarri zieten ontziaren irteera atzeratzearren; idatzizko abisu bat eman zieten”.
Sinkatuak dio abokatu taldeak kaleratze gutuna aztertu duela, eta bidegabeko kaleratze bat dela baieztatu duela. “Gure susmoa da enpresa bidegabeko kaleratze bat ordaintzeko prest dagoela, arazoa ahalik eta arinen gainetik kentzeko”
Sindikatuko iturrien ustez, armadoreari ez zaio bat ere gustatu langileak beraien eskubideen alde antolatzen hastea, eta bitartekari lanetan ibili den langilea horregatik kaleratu dute. “Azken hilabeetan burututako protesten arduradun egin dute”. Ia bi hilabeteko atsedenaldiaren ostean, kanpainako lehen marea egitera atera zen barikuan [irailak 25] ontzia, eta horren berri ez edukitzean, langilea zer edo zer sumatzen hasi zela azaldu dute LABeko kideek. “Itsasoratzeko deia beste guztiei egin zien, berari izan ezik. Ontzia itsasoratu behar zen egunean bertan bulegora joateko eskatu zioten. Uztaileko falta larriagatik eta armadoreari behin baino gehiagotan lapur eta arrazista bat dela esateagatik kaleratu dutela dio eman zioten kaleratze gutunak”.
LABen iritziz, kaleratzea “irizpide objektiborik” barik egin dute. Sindikatuko abokatu taldeak kaleratze gutuna aztertu du, eta bidegabeko kaleratze bat dela baieztatu du. “Gure susmoa da enpresa bidegabeko kaleratze bat ordaintzeko prest dagoela, arazoa ahalik eta arinen gainetik kentzeko. Une hau aprobetxatu dute arrantzale hau kaleratu eta langileak antolatzeko aukera zapuzteko. Gure ustez, hori ez da onargarria. Migranteek ere badute duin lan egin eta duin bizitzeko eskubidea”.