Itsas ondarearekin lotutako jaialdia antolatu dute Geoparkearen 10. urteurrena ospatzeko
Hamarkada bateko ibilbideari aitorpena egiteko jaialdia hiru astebukaeretan banatuta egingo dute. Jaialdiak Zumaian egingo du lehen geldialdia, urriaren 4an. Hurrengo bi asteburuetan Mutrikun eta Deban egingo dituzte itsas ondarearekin estuki lotutako beste hainbat ekintza.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak 10 urte bete ditu, eta urteurren borobila ospatzeko Itsas ondarearen jaialdia: Hiru Anai batela, mende bateko historia zuzenean izeneko jaialdia abiaraziko dute asteburuan. Ekintzak Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan (Mutriku, Deba eta Zumaia) gauzatuko dute. Jaialdia, gainera, 2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan egingo dutela gaineratu dute.
Hamarkada bateko ibilbideari aitorpena egiteko jaialdia hiru astebukaeratan banatuta egingo dutela iragarri dute antolatzaileek gaur [urriak 1] Zumaian Kofradian egin duten agerraldian. Lehen ekintzak domekarako [urriak 4] iragarri dituzte. Jaialdiak Zumaian egingo du lehen geldialdia, eta hurrengo bi asteburuetan Mutrikura eta Debara jauzi egingo du. Urriaren 10a Mutrikuren txanda izango da, eta urriaren 17an, berriz, Debarena.
Itsas ondarearekin estu lotutako ekintzak egingo dituzte hiru udalerrietan. Egitarauaren barruan, esaterako, itsasontzi tradizionalen erakusketa antolatu dute. Eta tartean, Hiru Anai batela berreskuratzeko lanak zuzenean ikusteko aukera ere egongo da. Zumaiako Beduola Elkartearen eskutik, haur eta helduei zuzendutako ibilbide gidatuak eta tailerrak egingo dituzte hiru herrietan. “Gure lanaren bitartez inguruko itsas ondarea jarri nahi dugu balioan”, agertu du Inazio Manterola Beduola Elkarteko kideak. Era berean, batel tradizional batean errekan gora nabigatzeko aukera ere egongo dela ere aurreratu dute. Batelean nabigatu nahi dutenek herri horretan egingo den erakusketan eman beharko dute izena, ekintza egingo den egunean bertan. Sarrera doakoa da.
Herriz herri bestelako bisita gidatuak egiteko aukera ere egongo da, horietariko asko, doan. Mutrikun, esaterako, Arrietakua Jauregia ezagutzeko aukera egongo da. Gogorarazi dutenez, jauregia bisitatzeko aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa izango da. Geoparkearen webgunean egin daiteke erreserba; prezio berezia ipini dute bisita gidatua egiteko. Mutrikun, gainera, amugileen ofizioaren eta garai bateko aparejuen erakustaldia ere egingo dute.
Zumaian, berriz, kofradiara bisita gidatua antolatu dute. Doako bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute herrian bertan egingo den erakusketan. Deban, azkenik, Santa Maria elizara bisita gidatuak eta marinel korapiloen tailerra egingo dituzte. Bisita gidatua egiteko Geoparkearen webgunean hartu beharko da sarrera, eta tailerrak egin nahi dituztenek, Debako Turismo Bulegoan eman beharko dute izena, 943-19 24 52 telefonora deituta edo bulegora bertaratuta.
Etenik gabe lanean. Zehazki, gaur [urriak 1] bete dira hamar urte Euskal Kostaldeko Geoparkeak geoparke izendapena lortu zuenetik. “Lesbosen (Grezia) egindako Geoparkeen Europako Sarearen Koordinazio Batzordeak Euskal Kostaldeko Geoparkearen hautagaitza onartu zuen honek duen ondare geologiko partikularrari esker. Hori horrela, geoparkeen klubeko kide izatea lortu genuen 2010eko urriaren 1ean“.
Azken urteotan egin den lanaren ondorioz, emaitza bikainak lortu ditu Geoparkeak. Duela bost urte, esaterako, Unescoren Munduko Geoparkea izendapena ere lortu zuen. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak azpimarratu duenez, hezkuntza eta geoturismoa izan dira Geoparkearen estrategiaren zutabeka. “Hamarkada honen ondoren Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak bere indarra bermatu du erakundeen laguntzari, herritarren babesari eta bisitariei esker. Kontserbazioa, hezkuntza eta geoturismoa izan dira Geoparkearen estrategiaren zutabeak, betiere, Mutriku, Deba eta Zumaia Geoparkea osatzen dute udalerrietako garapen lokal iraunkorraren alde lan eginez”.
EGITARAUA
- Urriak 4an, Zumaian (kofradiako plazan)
- 10:00. Txistularien kalejira.
- 11:30. Irekiera ekitaldia.
- 11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa (Beduola Elkartea).
- 11:30-13:30 eta 16:30-18:30. Kofradiaren irekiera eta bisita gidatuak.
- 17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.
- Urriak 10ean, Mutrikun (moilan)
- 09:00-14:00. Merkatu txiki berezia (baserriko produktuak eta arrain kontserbak).
- 11:30. Irekiera ekitaldia.
- 10:00-11:30, 12:00-13:30 eta 17:00-18:30. Arrietakua Jauregira bisita gidatuak.
- 11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa (Beduola Elkartea) portuan.
- 11:30-14:30. Amugileen ofizioaren eta garai bateko aparejuen erakustaldia, Arkugain Elkartean.
- 17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.
- Urriak 17an, Deba (Anes Arrinda pasealekua)
- 11:30. Irekiera ekitaldia Kalean Kantuzekoek girotuta.
- 11:00-12:00 eta 12:30-13:30. Bisita gidatuak Santa Maria elizara.
- 11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa (Beduola Elkartea).
- 12:00-14:00. Marinel korapiloen tailerra.
- 17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.