Pirinioetako GR11 zeharkaldia 23 etapatan burutu du Gorka Aulestia ondarrutarrak
Pirinioak alde batetik bestera zeharkatzen dituen GR11 zeharkaldi luze eta gogorra egin du Gorka Aulestia ondarrutarrak. Ibilbiketa nordikoan osatu ditu Creuseko lurmuturra (Girona, Herrialde Katalanak) eta Hondarribiko Higer lurmuturra banatzen dituen 850 kilometroak.
Kirola izan da eta bada Gorka Aulestia Urrutia ondarrutarraren bizitzako ardatz nagusietako bat. Udan erretiratu da, eta bizitzako etapa berriari inoiz ahaztuko ez duen balentriagaz eman dio ongietorria: Mediterraneoa eta Kantauri itsasoa batzen dituen GR11 Pirinioetako zeharkaldiagaz, hain zuzen. Pirinioen bizkarrezurra oinez eta korrika gurutzatzen dute gehienek. Aulestiak, baina, berezitasun modura, ibilketa nordikoan egin ditu mendikatea gurutzatzeko 850 kilometroak.
Abuztuaren 22an Creuseko lurmuturrean (Girona, Herrialde Katalanak) eman zuen lehenengo pausoa, eta 23 egun geroago, Hondarribiko Higer lurmuturrera ailegatu zen. “Jendeak, normalean, kontrako noranzkoan egiten du zeharkaldia, baina nik etxean amaitu nahi nuen abentura; helmugan etxekoen gozotasuna sentitu nahi nuen”.
Erronka gogorrari, baina, ez dio bakarrik aurre egin. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko kidea da, eta beragaz batera ibilketa nordikoan lehiatzen duten bi taldekidek (Alberto Arenales eta Agustin Urretabizkaia) ekin zioten bideari. Aulestiak eta Arenalesek osatu dute osorik ibilbidea. “Urretabizkaia eskola bateko zuzendaria da, eta bederatzigarren egunean beharrera bueltatzeko laga egin behar izan zuen zeharkaldia. Encampen (Andorra) agurtu genuen laguna”.
Betidanik izan du GR11 zeharkaldia egiteko gogoa, eta hainbat urtez ideiagaz bueltaka ibili ostean, konfinamenduan ekin zion antolatzeari. “Jende askori entzuna nion zeharkaldi oso polita eta nahikoa gogorra zela, eta niri ere grina piztu zitzaidan”. Abentura, berez, Aitor Aulestia anaiagaz batera egitea aurreikusita zuen, baina anaia zendu ostean, zeharkaldia bakarrik ere egitekotan egon zen. Azkenean, etxekoen gomendioz, konpainiagaz egitea erabaki zuen.
“Euri tanta bat bera ere ez digu egin. Alde horretatik zorte handia eduki dugu”
Sasoiko dagoela erakutsi du Aulestiak. Iraupen luzeko kirola egitera ohituta dago, eta horrek ibilbidea inolako arazorik eduki gabe amaitzera eraman du. Zeharkaldia, berez, 46 etapatan egiteko prestatuta dago, baina ia gelditu ere egin barik, denbora erdian gauzatu du, bidean dauden tontor garaiak igotzeagaz batera; GR11k, izan ere, 50.000 metroko goranzko desnibela dauka. “Zeharkaldia kirol erronka modura hartu dugu. Egunero 35-50 kilometro inguru egin ditugu. Bi etapa bateratu ditugu. Hori bai, oso gogorrak diren etapen kasuan, bat eta erdi bateratu ditugu”.
Abenturak iraun duen 24 egunetan, nagusiki, beroa eduki dutela azpimarratu du. “Euri tanta bat bera ere ez digu egin. Euriagaz arriskua biderkatu egiten da, eta alde horretatik zorte handia eduki dugu”. Euririk ez, baina lehenengo elurteagaz topo egin zuten, baita elurrari azkar ihes egin ere. “Elurra zela eta, aurrez erreserbatuta genuen aterpean lo ez egitea pentsatu genuen. Azkenean, beheragoko aterpean lo egin genuen, eta eskerrak. Biharamunean esnatu ginenean, berez lo egin behar genuen lekua erabat elurtuta zegoen”.
Pirineoak ezagutzeko aukera ederra izan du Aulestiak. Paisaia aldetik San Maurici lakuak eta haren inguruek txundituta utzi dute. Inguru ikusgarriak eta ederrak direla dio. “Ingurua laku eta ur jausi izugarriekin beteta dago. Ordesa aldea ere ederra da benetan”. Mendikateko natura basatiaz ere gozatu dute. “2.000 metrotik gorako mendi batean behi bat erditzen ere ikusi genuen. Sekulakoa izan zen momentua”.
850 bat kilometrotan bailara eta herrixka ugari gurutzatu dituzte. “Herrialdi Katalanetako inguruko etapak nahikoa leunak dira. Bidean zuhaitz gutxi eta gerizpe gutxi dago. Altura gutxiko belarra eta ote asko daude bidean, eta horiek urratu asko eragin dizkigute. Andorrara ailegatzen zarenean, ostera, dena aldatu egiten da. Andorra, Lleida, Huesca eta Aragoi inguruan, berriz, sekulako aldapak daude. Bideak oso harritsuak dira; harkaitzetan saltoka ibili behar zara. Hori bai, ingurua zoragarria da, animaliaz beteta eta aintziraz inguratuta dago. Nafarroara ailegatu, eta beste era bateko parajeak bistaratzen dira. Lurzorua ere bigunagoa da, eta bidea ere zuhaitzez beteta dago”.
Egunez egun eta etapaz etapa, hainbat emozio, esperientzia eta une berezi bizi izan ditu
Abenturari buruzko balorazio oso positiboa egin du, eta esperientzia errepikatzeko asmoa ere agertu du. Hori bai, hurrengoan bidea lasaiago egingo duela aitortu du. “Halako ikuspegiez gozatu dut, eta horrelako bakerik toki gutxitan eduki izan dut. Oso leku politak zeharkatu ditugu, eta aurrez ezarritako erronka lortzeko bidean lekuak bisitatzen gelditu ezin izana pena dela iruditu zait. Hurrengo batean esperientzia errepikatzeko gogoz geratu gara. Baina hurrengoan lasaiago ekingo diogu bideari, inguruez eta lekuez gozatzen”.
Gustura ibili da mendietan barrena. Egunez egun eta etapaz etapa, hainbat emozio, esperientzia eta une berezi bizi izan dituela gogoratu du. Higer lurmuturrera ailegaera sekulakoa izan zela dio Aulestiak, “erabat hunkigarria”. Eta amaieran, gainera, ohiturak agintzen duen modura, ibilbidearen bi aldeko urak nahastu zituen. Ibilbideari ekin aurretik Plentzian jasotako ura Mediterraneoan bota zuen, eta Hondarribiara iristean, Mediterraneoko ura Bizkaiko Golkoko uretara jaurti zuen.
ETAPAK
- Cap de Creus-Port de la selva-Villamaniscle. 36,5 kilometro, 1.360 metroko desnibel positiboa.
- Villamaniscle-Requessens-La jonquera. 39,4 kilometro, 1.260 metroko desnibel positiboa.
- La Jonquera-La Vajol-Albanya. 40,2 kilometro, 1.454 metroko desnibel positiboa.
- Albanya-Talaixa-Beget. 31,3 kilometro, 1.575 metroko desnibel positiboa.
- Beget-Mollo-Setcases-Ulldeter aterpetxea. 30 kilometro, 2.330 metroko desnibel positiboa.
- Ulldeter aterpetxea-Nuria santutegia-Planoles. 28,5 kilometro, 1.470 metroko desnibel positiboa.
- Planoles-Puigcerda-Malniu aterpetxea. 41,9 kilometro, 2.050 metroko desnibel positiboa.
- Malniu aterpetxea-L’Illa aterpetxea-Encamp. 30,6 kilometro, 1.245 metroko desnibel positiboa.
- Encamp-Arans-Baiau aterpetxea. 30 kilometro, 3.070 metroko desnibel positiboa.
- Malniu aterpetxea-Areu-Tavascan. 29,7 kilometro, 1.180 metroko desnibel positiboa.
- Tavascan-Estaon-La Guingueta. 24,7 kilometro, 1.845 metroko desnibel positiboa.
- La Guingueta-Mallafre-Colomers aterpetxea. 29,9 kilometro, 2.050 metroko desnibel positiboa.
- Colomers aterpetxea-Restanca-Conagle aterpetxea. 18,8 kilometro, 977 metroko desnibel positiboa.
- Conangle aterpetxea-Llauset aterpetxea-San Jaime zubia-Estos aterpetxea. 34,6 kilometro, 1.986 metroko desnibel positiboa.
- Estos aterpetxea-Biados-Parzan. 36 kilometro, 1.762 metroko desnibel positiboa.
- Parzan-Pineta-Goriz aterpetxea. 32 kilometro, 2.498 metroko desnibel positiboa.
- Goriz-Bujaruelo-Panticosako bainuetxea. 45,6 kilometro, 1.821 metroko desnibel positiboa.
- Panticosako bainuetxea-Respumoso aterpetxea-Sanllent de Gallego. 25,1kilometro, 1.296 metroko desnibel positiboa.
- Sallent de Gallego-Candanchu-Lizara. 40,1 kilometro, 2.137 metroko desnibel positiboa.
- Lizara-Aguas tuertas-Zuriza-Isaba. 43,7 kilometro, 1.565 metroko desnibel positiboa.
- Isaba-Otxagabia-Hiriberri. 41,6 kilometro, 1.840 metroko desnibel positiboa.
- Hiriberri-Burgete-Urkiaga portua. 34,7 kilometro, 1.315 metroko desnibel positiboa.
- Urkiaga-Elizondo-Bera. 47,5 kilometro, 1.490 metroko desnibel positiboa.
- Bera-Hondarribia-Higer lurmuturra. 31,6 kilometro, 780 metroko desnibel positiboa.