Itziar Garalde: "Gauza arrunt horiek oso bereziak izan daitezke; magia handia dute"
Ondarrutarrak ia hiru hamarkada daramatza Atlantikoaren beste aldean bizitzen. Ondarroara bisita motza izan behar zuena, luzatu, eta bitartean egindako lanak ikusgai ipini ditu.
Aurreko barikuan [urriak 2] zabaldu zituen ateak Itziar Garalde (Ondarroa, 1966) artistaren Begirada gardena. La magia de los objetos cotidianos erakusketak. Lanak domekara [urriak 11] arte daude ikusgai, udal erakusketa aretoan.
Lanetako asko itxialdian sortutakoak dira, ezta?
Bateren bat lehenagokoa ere badago, baina gehienak Ondarroan egon naizen tartean egindakoak dira. Berez ez ditut erakusketa baterako asmoagaz egin. Martxoan, berez, Managuara (Nikaragua) bueltatu behar nintzen, baina koronabirusaren alarma egoerak bertan harrapatu ninduen, eta nahi barik denbora luzatzen joan da. Hemen egon naizen hilabete guztietan lanean ibili naiz. Managuako Arte Eskolan eskolak ematen ditut, eta ikusgai dauden irudietako asko nire ikasleekin batera egin ditudan ariketak ere badira.
Eta zelan sortu zen ideia?
Duela aste pare bat lagunartean hemen egon naizen tartean zer egiten ibili naizen irten zuen, eta erakusketa egitera animatu ninduten. Bueltatzeko oraindik data zehatzik ez nuenez, nahikoa lan ere banituenez eta udal erakusketa aretoa ere libre zegoenez, erakusketa antolatzea erabaki nuen. Ez dut uste inoiz erakusketa bat hain azkar antolatu dudanik. Erlojupeko bat modukoa izan da; hiru egunean dena muntatuta zegoen. Hurrekoei esker, azkar egin dugu.
Itxialdiari orduan probetxua ateratzen jakin diozu.
Egoera eskasari ere etekina atera behar zaio. Bi hilabetetarako etorri nintzen Ondarroara, baina hegaldia galdu eta itxialdiak bertan harrapatu ninduen. Dena luzatu zen, eta konfinamendua bertan egitea egokitu zitzaidanean, denbora nuela konturatu, eta margotzeko materiala ere banuenez, amaren etxeko ganbarari probetxua ateratzea pentsa nuen. Amari, gainera, Zubi Zaharraren koadro bat egitea zor nion, eta hori izan zen lehenengo lana.
Zenbat lan daude ikusgai?
Irudiak eta koadroak batuta, 40 bat lan daude berton. Zerikusia duten lanak eta gaiak batera ipini ditut. Alde batean, eguneroko erabiltzen ditugun gauzak agertzen dira. Objektu horiei, normalean, ez diegu garrantzi handirik ematen, baina ondo begiratuz gero, egunero erabiltzen ditugun gauza arrunt horiek oso bereziak izan daitezke; magia handia izan dezakete. Beste alde batean, paisaiak batzen dituzten margolanak daude.
Gehienak irudi figuratiboak dira.
Garai batean espresionismoa gehiago lantzen nuen, baina urteak pasa ahala, figuraziora hurreratzen joan naiz. Nire lanek marra asko dituztela esan ohi didate; egia esan, xehetasunei gehiago erreparatzen diet orain, eta gero eta xehetasun gehiago sartzen ditut. Asko arkatzagaz eta ikatz ziriagaz egindako lanak dira. Xehetasunak jaso nahian, lan asko arkatzagaz edo punta oso fina duten errotulatzaileekin egiten ari naiz aspaldian.
Barikuan inauguratu zenuen erakusketa.
Zegoen eguraldia kontuan hartuta, lehen eguna nik pentsa baino hobeto joan zen. Ezagutzen ez dudan publiko bat ere bertotik ikusi nuen, eta hori positiboa iruditu zitzaidan. Bertaratu zirenak oso interesatuta ikusi nituen.
Domekara arte zabalik dago erakusketa. Zer espero duzu?
Lan klasiko batzuk daude ikusgai, baina, aldi berean, objektu txikiei buruzko lanek beste publiko bat erakarri ahal dezaketela iruditzen zait. Ezohiko gauza arrunt bat irudi batean jasota ikustea ez da oso ohikoa. Normalean, bodegoietan bestelako irudiak margotzen dira, baina abarketa, lanpara edo aulki bat margotzea ez da ohikoa. Asko sentituta eta maitasun handiagaz egin ditudan lanak jaso ditut erakusketan, eta nahi duen guztia gonbidatuta dago.