Arrigorrin neguko ur jarduerak egiten dituztenekin batzartuko da Ondarroako Udala
Batzarra eguenean egingo dute, 19:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
Udal iturriek esan dutenez, Arrigorriko aldagela berriaren funtzionamendua neguan ur jarduerak egiten dituzten kirolariekin adosteko egingo dute bilera. Interesatuei eguenean [urriak 8], 19:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairura hurreratzeko deia egin diete. Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak esan duenez, neguan ere Arrigorrin kirol jarduerak egiten dituzten erabiltzaile asko dago; bodyboarderrak eta igerilariak, gehienbat. “Arrigorrin dagoen aldagela egokituak erabilera zehatza dauka uda sasoian, baina neguan ere behar duten kirolarientzako erabilgarri egotea nahi dugu, aldatu, arropak utzi edo dutxa bero bat hartu ahal izateko”.
Hori guztiori martxan jartzeko, baina, aurretik funtzionamendua adostu beharra dagoela ikusi du udalak. Hori dela eta, aldagela hori erabiltzeko beharra duten kirolari guztiei batzarrera joateko gonbidapena egin diete. “Funtzionamendua erabiltzaileekin adostea oso garrantzitsua dela uste dugu. Beraiek dira aldagela erabiliko dutenak; funtzionamendu ahalik eta egokiena bilatu nahi dugu guztion artean”.