Eskalada eskolan izena emateko aukera zabaldu du Aurrera Mendi Taldeak
6 eta 25 urte bitartekoek parte hartu ahal izango dute ikastaroetan. Eguenean eman beharko da izena kiroldegiko boulderrean, 18:00etatik 20:00etara.
Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak antolatutako Eskalada Eskola datorren astelehenean [urriak 12] hasiko da martxan. 6 eta 25 urte bitartekoek parte hartu ahal izango dute ikastaroetan, baina aurretik izena eman beharko dela azpimarratu dute. Izena emateko egun bakarra ezarri dute. Interesatuek eguenean [urriak 8] kiroldegiko boulderrera hurreratu beharko dute, 18:00etatik 20:00etara. Edozein zalantza izanez gero, eskalada eskolako arduradunekin horiek argitzeko aukera ere egongo dela ere esan dute.
Urrian hasi eta ekainera bitartean gaztetxoek eta helduek Zaldupe kiroldegiko boulderrean edo Saturrarango eskalada gunean ikasten jarraitzeko aukera edukiko dute. Astean bi saio (astelehenetan eta eguaztenetan) egingo dituzte, eta, ohi modura, taldeak adin tarteka banatuko dituzte. Guztira, lau talde osatuko dituzte: A taldea (6-9 urte), B taldea (8-13 urte), C taldea (13-15 urte) eta D taldea (16-25 urte).
Osasun protokoloa betetze aldera, plaza mugatuak egongo direla iragarri dute. Talde bakoitzean 10 pertsona egon ahalko dira gehienez, entrenatzailea barne. “Talde batean ezarritako muga gainditzen bada, zozketa bidez aukeratuko dira parte hartzaileak. Taldeak osatzerako orduan, gainera, lehentasuna aurreko urteko ikasleek izango dute”.