Leire Bilbao: "Ama izan nintzenean, umeaz aparte, beste galdera asko jaio ziren"
62 poemaz osaturiko ‘Etxeko urak’ bilduma aurkeztu berri du idazle ondarrutarrak. Izenburutik hasita, uraren presentzia oso aipagarria da, baita argitalpena bera banatzeko orduan ere.
Helduentzako hirugarren poema bilduma da honakoa. 9 urte igaro dira Scanner argitaratu zenetik, eta 14 urte Ezkatak aurkeztu zenuenetik.
Poesiak bere denbora behar du; bere tempoa dauka. Idazle modura sentitzen dut poesiari bere denbora eman behar zaiola, ez da presarik eduki behar esatea nahi den hori topatu arte. 2006an, arrantza eta itsaso usaina zeukan Ezkatak poema liburuagaz murgildu nintzen literaturaren plazara. Gerokoan, haur literaturan nahikoa idazten ibili naiz, eta Scanner ere argitaratu zen. Ordutik, denbora pasa da. Beti dago garapen bat, eta norbere buruari esatea: “Zer daukat nik kontatzeko?”. Zer kontatzeko daukadan hori bilatu, ausartu eta sortu arte, denbora behar izaten da.
Noiz ondu dituzu poemak?
2016an hartu nuen bilduma idazteko erabakia. Niri buruari zera galdetu nion: “Nori interesatuko zaio poema liburu bat irakurtzea, eta, gainera, amatasunetik?”. Lau urte eman dut liburu hau ontzen, eta bien bitartean ama ere izan naiz.
Eta hazia zelan sortu zen?
Nik uste dut nire literatur genero naturala poesia dela, ondo mugitzen naiz ur horietan. Baina idazterako orduan, poesiak denbora asko eramaten dit. Lanak ez ditut haur literatura egin nezakeen denboran garatzen. Bat ama denean, eta konturatzen denean ez daukala denborarik ezta lagunekin kafe bat hartzeko ere, norbere burua gogor hartu eta zera galdetu behar izaten da askotan, “zuk zer nahi duzu egin?”. Eta bizi nuen horretaz idaztea erabaki nuen. Ama izan nintzenean, umeaz aparte, galdera asko jaio ziren. Eta, askotan, galdera horien erantzuna liburuetan topatzen saiatu nintzen. Amatasunari buruzko liburuetan ez nuen asetzen ninduen erantzunik topatzen, eta bai, ostera, literatur kontuetan. Amak ziren pertsonaiak zeuden testuetan, eta A edo B esan barik, euren moduekin, jokabideekin eta egiteko erekin erantzun bat edo ahizpatasun bat topatu nuen.
“Poema guztiek ura modura, jario bat edukitzea nahi izan dut, eta baita ere hurrenkera kronologiko bat”
Lanaren izena ere berezia da. Ondarroako herri esakera batean du jatorria, ezta?
Ondarroan askotan esaten da, “horrek etxeko urak dauzka”. Etxeko urak dituen pertsonak etxetik edan du, etxeko izateko modua dauka, etxeko egiteko modua dauka. Liburuaren izenburua aukeratzerakoan Ondarroako esaera bat izatea gustukoa izan dut, keinu bat eginez jaioterriari. Azaldu nahi nuen gaia azaltzeko, gainera, ondo zetorren. Amatasunak, azken finean, badauka iturburu bat. Denok gara ama baten seme edo alabak, eta gauza asko etxetik edaten ditugu, berez, badago hor jario bat edan duguna. Gainera, jario horrek jarraitzen du.
Liburua amatasunetik idatzi duzula azpimarratu duzu; ez zarela amatasun idilikoagaz aritu, alegia.
Gaia ez da amatasuna. Inork ez du topatuko amatasunari buruzko teorizaziorik, ezta aholkurik ere. Gehiago da amatasunak ematen duen begirada berri bat. Askotan esan ohi dugu ume bat jaio dela, baina, aldi berean, ama bat ere jaiotzen da. Ume hori badakigu hazi egin behar dugula, erakutsi egin behar dizkiogula gauzak eta munduan ibiltzen, baina amak ere lehenengo bider ama direnean ere, ikasi egin behar izaten dugu zelan ibili amaren soineko horregaz. Hori ere, urteek erakusten dute. Amatasunetik, leku horretatik idatzi ditut liburu honetan jasotako poesiak. Amatasunak ematen didan begirada eta lengoaia berri batetik. Ama izaten garenean beste lengoaia bat edo beste hizkuntza bat sortzen dela ausartuko nintzake esaten. Beste hizkuntza hori, gainera, batzuetan ez da mintzatua. Umea jaiotzen denean, berba onomatopeia eta beste tonu batean egiten diogula egia da. Hitzak ere asmatzen ditugu, baina badago hor azpian hizkuntza fisiko bat ere; dar-dar hizkuntza, azalaren hizkuntza, alegia. Azal bat beste azalaren kontra, azaldu ezin den hizkuntza fisiko hori.
Lan honek, beraz, esperientzia pertsonaletik ere edaten du.
Idazleek beti kontatzen dute eurek bizi, irakurri eta ikusten dutenetik. Baina bai, esango nuke saiatu naizela narratzaile bat sortzen; narratzaile poetiko bat. Poema guztiek ura modura, jario bat edukitzea nahi izan dut, eta baita ere hurrenkera kronologiko bat. Denbora lerro horretan azaltzen da erditze bat, ume bat eta ama bat jaio dela. Pertsona hori beste hizkuntza bat hasi dela berba egiten, hizkuntza mintzatua eta baita fisikoa ere. Beste amak ere zelan ikusten dituen ere azaltzen da, beste begirada bategaz ikusten ditu jada, eta beste gauza askotaz konturatzen da. Azkenik, eguneroko kontuak ere beste era batera ikusten dira; zaintzaren kontua agertzen da hor.
“Kaligrama bat ere sartu dut, eta baita erosketa zerrenda bat izan daitekeena ere”
Berezitasun modura, poesiei ez diezu izenik eman.
Izenburu barik joan dira poemak. Asmoa zen hurrenkera eta jario bategaz irakurtzea hasieratik amaierara. Gai bati buruz idatzi dudanez, baliabideak topa behar ditu idazleak, bestela gauza berari buruz ez naiz arituko. Saiatu naiz joko batzuk egiten.
Zelako jokoak?
Elkarrizketak sartu ditut, esaterako. Norbere niak ni amari edo ama izan nahi ez duen horrek ama izango den horri berba egiten dio. Elkarrizketa imaginarioak ere agertzen dira existitzen edo hilda dauden idazleekin, norbere birramama edo amamekin. Liburuko atal bakoitza, esaterako, elkarrizketa bategaz hasten da. Beste joko modura bertso izan daitezkeen pare bat poema neurtu eta errimatuak sartu ditut. Kaligrama bat ere sartu dut, eta baita erosketa zerrenda bat izan daitekeena ere. Horrelako gaia izanda, pixka bat umorea ere badago.
Poesia horiek guztiak era bereziren batean antolatu dituzu?
Lau ataletan banatuta dago. Lehenengo Urak bota izan da; erditze bat dago hor, eta ume eta ama bat jaiotzen direla esango genuke. Urak bota zati hori oso deskriptiboa da. Bigarren zatia Listua deitzen da; hizkuntza mintzatu eta fisikoa agertzen da hor. Hirugarren atala Marea deitzen da. Lehenengo pertsona singularretik, hau da, ni protagonista hori hasten da begiratzen gu batera. Ahizpatasuna bilatzen du, eta beste amengan erreparatzen du; etxe ondoko amak, ama izan nahi dutenak, ez dutenak izan nahi, nahi gabe izanarazi dietenak… badago besteei begirada bat. Eta, azkenik, Harraska. Hor zaintzaren gaia azaltzen da. Begirada aldatu egiten da eguneroko gauzengan.