Mutrikuko Merkatu Plazako edukiontziak San Agustin kalera lekualdatuko dituzte
Bi guneetako hondakinak jasoko dituen espazioa berritzen eta egokitzen hasi dira San Agustin kalean. Egingo diren lanei esker, gainera, kamioieik bertan bira emateko aukera edukiko dute.
Merkatu Plazako sarbidearen ondoan dauden edukiontziak San Agustin kalean egokitzen egon diren eremu berrira lekualdatuko dituztela jakitera eman du Mutrikuko Udalak. Udalaren asmoa Ludoteka aurrean dauden edukiontziak handik kentzea dela esan dute. “Egoera ez zen jasangarria; zerbitzua desegokia zen. Kamioiek ere hor barrura sartzeko zailtasunak zituzten”.
Epe motzean, San Agustin eta Felix Txurruka kaleek bat egiten duten eremura lekualdatuko dituzte Merkatu Plazan dauden edukiontziak, eta han dauudenekin bateratu. Horretarako, edukiontzi gehiago ipiniko dituztela azaldu dute. “Edukiontzi guztiak hor jarri ahal izateko gunea berritu egingo da. Mankomunitatean kalkuluak atera dituzte, eta lehen bertan zeuden eta Merkatu Plazan zeuden hondakinak jasotzeko gai izango direla esan digute”.
Eskaera berriari erantzun ahal izateko, gainera, edukiontzi guztiak bateratuko dituzten gunean edukiontzi handiagoak ipini dituztela eta hainbat aldaketa egin beharko direla ere aurreratu dute. “Kutxabanken aurreko gunean papera eta plastikoa lur azpian dauden edukiontzietan jasotzen dira, baina horiek itxi eta kanpoan bestelako edukiontziak ipiniko dira. Lur azpiko edukiontzi horiek zaharkituta daude, eta arazo asko ematen ari dira”.
Espazio berria egokitzeko lanak aurreko astean hasi zituen. Oraingoz, lehen motorren aparkalekua zegoen lekua berritu dute. “San Agustin eta Felix Txurruka kaleek bat egiten duten tokian zegoen edukiontzien gunea konpontzen aritu dira. Lanen helburua kamioiek bertan bira eman ahal izatea da. Kamioiak, gaur egun, aurrera begira sartzen dira, eta Eroski parera arte atzerako martxan irtetzen dute. Aurrerantzean, ordea, bira emateko nahikoa leku egongo da. Kamioiek bertan bira eman ahal izango dutenez, segurtasun gehiagorekin egingo dute maniobra”.