Plaiko Zubia 2021eko amaieran egongo da erabilgarri
Zubiaren egitura datorren urtearen hasieran ipiniko badute ere, zimenduetan aurkitu arazoek lanak nabarmen atzeratuko dituzte. Aurreikusi gabeko lanek milioi erdi euro inguruko gainkostua suposatuko dute.
Ondarroako Plaiko Zubiaren zimenduak uste baino hondatuago daudela baieztatu du azterketa batek, eta hori dela eta, zubiaren eraberritze lanak nabarmen atzeratuko direla jakitera eman dute Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek. Lanak aurreikusitakoaren arabera egiten badira, zubia 2021eko amaieran erabilgarri egongo dela esan dute.
Galdakaoko Orion enpresaren tailerrean zubiaren metalezko egitura eta biratzeko mekanismoa zaharberritzen jarraitzen dutela ere azaldu dute. “Lanak martxan onean doaz; ia amaituta daude. Udazkenean amaitzea espero da”. Iragarri dutenez, zubiaren egitura datorren urtearen hasieran ipintzen hastea espero dute. “Aurreikuspenak betetzen badira, 2021eko urtearen hasieran egitura oinarrien gainean ipini ahal izango dute”.
Hori bai, egitura dagokion lekuan ipinita egongo bada ere, zubia 2021 urte amaiera arte ez dutela zabalduko azpimarratu dute. “Zubia datorren urteko neguaren amaieran ipini ahal izango da martxan, eta orduantxe zabalduko dute. Horren aurretik beste lan osagarri batzuk amaitu behar dira. Hala nola, barandak jarri, urbanizatzeko eginbehar guztiak amaitu, biraketa mekanismoa instalatu eta denak dagokion modura ondo funtzionatzen duela probatu behar da. Lan osagarri guztiak amaitzeko denbora behar da”.
Zubiaren zimenduetan aurreikusi gabeko arazoekin topo egin dute, eta horrek hasieran ezarritako epea atzeratzea ekarri du. “2019eko udan urpekariek zubiaren zimenduak aztertu zituzten, baina hasierako birgaitze proiektuaren barruan jaso gabeko hainbat arazo antzeman zituzten”.
Espero gabeko lanek, gainera, milioi erdi euro inguru garestituko dute obraren kostua. “Oinarriak indartzeko urpeko lanak egiteko proiektu gehigarri bat onartu behar izan da”
Duela hilabete batzuk oinarriak sendotzeko behin-behineko lanak egin zituzten, eta egindako lehen neurketa horien arabera, oinarriak esperotakoa baino zentimetro gehiago mugitu zirela ziurtatu zuten. “Dirudienez, oinarriak ez daude lurrean behar bezala finkatuta”. Teknikariak zubiaren oinarriak behar bezala zimendatu gabe eta mugitzen ari direla konturatu ziren. “Egindako azterketak zubiaren oinarriak zer edo zer okertuta daudela baieztatu du, aurreikusitakoa baino gehiago”.
Zubiaren oinarriak “ezusteko barik” ipini ahal izateko, adituek zuzenketa horiek egitearen beharra ikusi dute. Espero gabeko lanek, gainera, milioi erdi euro inguru garestituko dute obraren kostua. “Oinarriak indartzeko urpeko lanak egiteko proiektu gehigarri bat onartu behar izan da”. Hain zuzen ere, irailean egin zen Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak larrialdi prozeduraren bidez 449.000 euroko kontratua gauzatzea onartu zuen, zubiaren oinarriak dagozkien tokian ipini eta horien berreskurapen geometrikoa egiteko. “Lanak laster hasiko dituzte. Udako denboraldia amaitu arte zain egon gara; zubiaren bazterretan ahalik eta mugimendu gutxien egotea nahi genuen lanak burutzen hasi ahal izateko” .
Zubiaren hegaletan egin beharreko lan batzuk egunotan egiten ibili dira. Astelehenean [urriak 5] ekin zieten lanei, eta, besteak beste zubiaren euskarriak desmuntatu dituzte egunotan. Alamedan zubia inguratzen zuen petrila eraitsi dute, eta alboan dagoen oinarriaren aldamioa ere zegoena baino gorago ipini dute. Zubiaren beste aldeko eskaileretan ere neurketa lanak egiten ibili dira egunotan.