Endika Uriondo: "Dudan adina kontran dudala esango nuke"
Elezkano II.a bikote duela, zapatuan [urriak 10] egingo du debuta atzelari gizaburuagarrak. Zubizarreta III.aren eta Ladis Galarzaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak lagunarteko partiduan.
6 bat urtegaz Lekeitioko Akarregi Pilota Taldean hasi zen lehen pilotakadak ematen Endika Uriondo Zabala (Gizaburuaga, 1996). Umetako ametsa egi bihurtuta, zapatuan [urriak 10] egingo du debuta Gernika-Lumoko Santanape frontoian. 17:30ean hasiko da pilota jaialdia.
Apirilaren 26an debutatu behar zenuen, baina koronabirusagatik hitzordua atzeratu egin behar izan zen. Azken hilabete hauek luze egin zaizkizu?
Egia esan, bai. Itxialdia ezarri zutenean apirilean ezingo nuela debutatu imaginatu nuen. Pilota partiduak ekainaren amaieran bueltatu ziren kantxetara, eta nire debuta azaro hasierarako antolatu zutela esan zidaten.
Azkenean, esperotakoa baino arinago izango da hitzordua.
Azken orduan hiruzpalau pilotariri kontraturik ez diete berriztu, eta jokalari taldea murriztu egin da. Atzelari falta dagoenez, debuta arinxeago egin beharko nuela esan zidaten duela pare bat aste. Aurreko astean, azken orduan, bihar debutatuko nuela baieztatu zidaten.
Debuta etxetik hurre egingo duzu. Zer harrera espero duzu jendearen aldetik?
Hasiera batean espero zen modura debuta azaroaren 1ean Bilbon egin izan banu, uste dut harrera hobea edukiko zuela partiduak. Baina partidu hau azken orduan antolatu dute, eta egun berean binakako txapelketa nagusiko finalerdiak Bilbon izanda ere, ez dut espero jende larregirik batuko denik harmailetan. Hori bai, nire lagunak, ingurukoak eta familia seguru han egongo direla. Aforoagatik harmaila guztiak ezingo dira bete, baina nire ilusioa jende askoren aurrean debutatzea izango litzateke. Oraindik ere badaude sarrerak salgai, Internetez eta bertan leihatilan erosi daitezke.
Zelako partidua izango dela uste duzu?
Partidu entretenigarri bat eskaintzea espero dugu. Ea ondo jokatzen dugun laurok, eta arratsalde eder bat pasata publikoa gustura doan etxera.
Urtebeteko aurrekontratua eduki duzu Baikogaz. Eta zelakoa izan zen profesional modura jauzia emateko eskaintza jasotzea?
Umetatik izandako ametsa egi bihurtu da. Eskaintza jaso eta berehala, garbi eduki nuen esperientzia probatu egin nahi nuela.
Etapa berriari ekiteko gogotsu zaude?
Bai noski, ilusio berezia daukat; horixe da falta ez den gauza bakarra. Gero ikusiko da zer maila emateko gai garen, baina ilusioa, behintzat, ez da faltako.
Ia 24 urtegaz debutatzeak zer suposatzen du zuretzat?
Aurrekontratua sinatu nuenean horrelako aukera izateko itxaropena banuen, baina ordura arte profesionaletara jauzi egiteko aukerarik ez nuen ikusten. Dudan adina kontran dudala esango nuke. Azkenaldian 23-24 urteko pilotaririk ez da ikusten debutatzen, normalean jende gazteagoak debutatzen du.
Pilotari modura, zelan definituko zenuke zeure burua?
Nik esango nuke gehiago naizela jotzailea segurua baino. Baina uste dut azken urteotan horretan nahikoa hobetu dudala. Segurtasuna falta zitzaidan lehen, eta hortik etorri dela uste dut hau aukera hau ere. Hurrengo bi urteotan hobetzen eta segurtasun aldetik ere konfiantza hori irabazten joatea espero dut.
Pilotariok beti edukitzen duzue jokaldi gustukoren bat. Zein da zeurea?
Atzelariok ez dugu holako askorik. Ni neu, hain justu, ez naiz oso abila aurrean; jokaldirik botaten ausartu ere ez naiz egiten. Aurrean nahikoa traketsa naiz, eta heltzen naizenean ere atzera jotzen dut. Pilotari modura nire bertuterik handiena lanerako gogoa da. Asko entrenatzeari esker hobetu dudala esango nuke.
Afizionatu mailan palmares ona daukazu. Irabazi dituzun txapelketetatik zeinek egin dizu ilusio gehien?
Niretzat garrantzitsuena 2018an Eneko Labakagaz irabazi nuen Diario Vasco txapelketa izan zen; afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuena da. Ordura arte afizionatu mailan inoiz hurreratu ez nintzen egin final batera, eta maila horretako txapelketa bat irabazteak ilusio berezia egin zidan. Nire buruaz sinisten momentu horretan hasi nintzen.