Dena hirukote ondarrutarrak herrian aurkeztuko du 'Ezer sentitzeko' lana
Bederatzi kantez osatutako debut lanaren aurkezpen kontzertua domekan eskainiko dute Ondarroako Beikozini aretoan. Entzuleari bidaia antzeko bat proposatu nahi diote.
Beñat Eizagirre (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaleta (baxua eta koruak) eta Xabat Ituarte (bateria eta koruak) Dena talde ondarrutarreko kideak autoekoitzitako lehen diskoagaz datoz. Ezer sentitzeko izenez bataiatutako lana barikuan [urriak 16] emango dute ezagutzera plataforma digitaletan, eta domekan [urriak 18], aurkezpen kontzertua emango dute Beikozini aretoan.
Duela hiru urte musikarekiko duten pasioak batu zuen hirukotea. Ondarroako musika kolektiboak antolatutako Txilixoka Egunean zapaldu zuten estreinako oholtza. “Txilixoka Egunean parte hartzera animatu ginen, eta hortxe jaio zen taldea. Jaialdian talde gazteei eta hasiberriei taularatzeko aukera emango zietela jakin genuen, eta horretarako gogoa bagenuenez, batzea erabaki genuen”.
Jaialdia taldea sortzeko pizgarria izan zen, eta hiru urteko ibilbidearen ostean kantu propiodun diskoa osatu dute. Lana ontzeko denbora hartu dutela nabarmendu dute. “Diskoan jaso ditugun kantuak aspaldi hasi ginen lantzen, 2018an idatzi genuen lehenengo kantua. Egia esan, estudioan kantuak grabatzera sartu aurretik nahikoa lan egin dugu”. Bederatzi kantez jantzi dute debuteko lana. “Abesturiko zazpi kantu jaso ditugu, eta horiez gain, bi interludio ere badaude”.
Rock alternatiboa, post hardcore eta stoner rock estiloko musika egiten dute, beste hamaika ikutu eta ñabarduragaz
Sentitzen dutena kantu bihurtuz, askotariko gaiak landu dituzte: apatia, bakardadea, ignorantzia… “Horien artean azpigaiak ere agertzen dira. Kantuen interpretazioa ere nahikoa librea dela uste dugu. Batari edo besteari sentiarazi diezaiokeena desberdina izan daiteke”. Sormena puri-purian duen taldea da Dena. Kantuak denen artean osatzen eta fintzen dituzte. “Gustuko riff bat edo erritmo bat ekartzen dugu lokalera, eta denon artean konposatzen dugu melodia. Horren ostean, Beñatek hitzak ipintzen dizkio doinu horri”. Estiloari dagokionez, rock alternatiboa, post hardcore eta stoner rock estiloko musika egiten dute, beste hamaika ikutu eta ñabarduragaz. “Traparen oinarri batzuk erabili ditugu, musika elektronikoa ere sartu dugu, punkera hurreratzen den kantu bat ere badugu,… ez dugu inolako aurreiritzirik”.
Internet bidez abiarazitako diru bilketari esker finantzatu ahal izan dute proiektua, eta aurrez ipinitako helburua beteta, ametsa egi bihurtu ahal izan dute. Estudio batean sartu eta esperientzia hori probatzeko gogoa zeukan hirukoteak, eta diskoari esker hori ere probatzeko aukera eduki dute. Uztailean grabatu zuten diskoa Mutrikuko AME estudioan. Bi astez jo eta ke aritu ziren estudioan, eta lanaren emaitzagaz “gustura” geratu direla diote. “Beteta sentitu gara”.
“Egoera zelan dagoen ikusita, diskoa aurkezten dugun asteburu berean kontzertu bat ematea pozik egoteko modukoa da”.
Diskoa ahalik-eta era gordinenean grabatzen saiatu badira ere, anitzagoa egin aldera, kantu elektroniko bat ere egin dute. “Zuzenekora begira beste era batera planteatu dugu kantua. Bertsio antzerako bat egingo dugu». Hori bai, lana hasieratik amaierara jarraian entzuteko eran grabatu dutela azpimarratu dute. “Kantuak banaka ere entzun daitezke, baina entzuleari bidaia antzerako bat proposatu nahi izan diogu. Diskoa, gainera, era kontzeptual modura sortu dugu. Kantu guztiek euren artean zerikusia edukitzea nahi izan dugu. Kanten izenburuek, esate baterako, hari bat jarraitzen dute, eta horiekin hitz joko bat ere egin nahi izan dugu”.
Proiektu berria jendaurrean aurkezteko gogotsu eta urduri daude. Braulio taldeagaz batera emango dute kontzertua, domekan, 19:00etan hasita. “Egun berezia izango da domekakoa. Denbora luzez jo gabe egon ostean, herrian aurkeztuko dugu lana Braulio taldeko lagunekin. Guk dakiguna egitera irtengo dugu. Aldaketa nabarmenena da publikoak kontzertua jarrita ikusi beharko duela. Orain arte asko mugitzen den ikusleekin ohituta gaude, eta osasun protokoloa tarteko, guretzat ere arraroa izango da jendea jarrita ikustea. Egia esan, zortedunak gara. Egoera zelan dagoen ikusita, diskoa aurkezten dugun asteburu berean kontzertu bat ematea pozik egotekoa modukoa da”.
Lehenengo zuzenekora begira, gainera, errepertorio berezia ere prestatu dute. “Kontzertu guztiak ez ditugu berdinak egiten. Kantuen zerrenda aldatzen joatea gustatzen zaigu. Gure ustez, bertaratzen diren askorentzako ezusteko atseginak egongo dira”. Musikazaleei gozatu eragiteko asmoz, taldekideek argi daukate hemendik aurrera ere zein den euren helburua: zuzenekoak ematea. Eta osasun krisiagaz aukera handirik ez badago ere, kontzertuen agenda betetzen hasita daude.