'Hil kanpaiak' filmaren aurrestreinaldia dakar Ondarroako Literatur Amuak jaialdiak
2015ean Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren '33 ezkil' lanean oinarritutako filma azaroaren 1ean proiektatuko dute Bide Oneran. Jaialdiak galdu ezinezko bestelako hainbat ekintza ere badakartza.
Beste behin ere euskal sorkuntza izango da Ondarroako Literatur Amuak jaialdiko protagonista nagusia; literatura, sormena, dantza, bertsolaritza, musika eta zinema uztartuko ditu. Urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean galdu ezinezko zortzi hitzordu dakartza aurten bederatzigarrenez antolatutako jaialdiak, “herritarrek literaturaz eta, oro har, kulturaz gozatzeko”. Zortzi proposamen horien artean aipagarriena Hil kanpaiak filmaren aurrestreinaldia izango da.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu ostean, Ondarroara ere iritsiko da Imanol Rayok zuzendutako zinta azaroaren 1ean; suspentsez betetako istorioa Bide Oneran proiektatuko dute. Filma 2015ean Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren 33 ezkil lanean oinarrituta dago, eta horrelako lan bat herrian proiektatu ahal izana “plazer bat” dela azpimarratu dute antolatzaileek. “Ondarroako sariketarako sortu eta berriz ere herrira bueltan datorren haria da hau. Guretzat ohorea da herrian sortutako lan batetik eratorritako beste lan bat berriro ere herrira itzultzea. Nolabait zirkulu bat ixten dela esango genuke. Guretzat oso garrantzitsua zen estreinaldi hau ekartzea”.
Herritarrek hainbeste espero dituzte kontzertuei ere tarte bat egingo die jaialdiak. Segurtasun neurri guztiak beteta, Izaki Gardenak taldeak Beikozinin joko du hilaren 30ean. Dena oskol disko berriaren bira amaierako kontzertuetako bat zuzen-zuzenean entzuteko eta gozatzeko aukera ere egongo da.
Aurten ere Ipuin Rallya, Nanoipuin Lehiaketa eta Nobela Beka sarien aurkezpena antolatu dituzte
Baina jaialdiak beste hainbat ekintza ere badakartza. Liburuaren Amuak irakurketa taldearen lehen deialdian, esaterako, Euskadi Literatur Saria irabazi berri duen Karmele Jaioren Aitaren Etxea nobela ere edukiko dute hizpide. Hilaren 31n, Joxemari Urteaga idazle eta kultur eragilearen gidaritzapean, eta idazlea bera ere han dela, Jaioren azkenengo lanak iradokitzen duen guztiaren gainean berba egiteko aukera egongo da lagunarteko giroan.
Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta literaturari zuzendutako ekintzak ere egingo dituzte. Ohikoa den modura, aurten ere Ipuin Rallya, Nanoipuin Lehiaketa eta Nobela Beka sarien aurkezpena antolatu dituzte. Urriaren 30ean, esaterako, Idoia Garzesek iazko bekagaz egindako Mendiko gaitza liburua aurkeztuko du lehenengo, eta ostean, Xabier Mendigurenek zuzenduta, aurtengo beka proiektuaren irabazlea aurkeztuko dute. Ekitaldi berean Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Urriaren 29an, bestalde, Ipuin Rallyko sariak banatuko dituzte.
COVID-19ak eragindako egoerak ekitaldien antolaketa asko baldintzatu badu ere, Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak argi eduki du jaialdiak aurten ere bere lekua eduki behar zuela. Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziaren iritziz, egitarau xumea baina kalitatez betetakoa antolatu dute. “Argi geneukan kulturak eta, bereziki literaturak, bere espazioa edukitzen jarraitu behar zuela”. Aforoa kontrolatzeko, ekitaldi guztietan sarrerak edo gonbidapenak beharko direla ohartarazi dute. Udal iturriek iragarri dutenez, sarrerak eta gonbidapenak asteon ipiniko dituzte eskuragarri, Turismo Bulegoan.
EGITARAUA
- Urriak 29, eguena.
- 19:00. IX. Ipuin Rallyaren sari banaketa, Kalare Deuna kofradian. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
- Urriak 30, barikua.
- 18:00. IX. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa eta Augustin Zubikarai nobela sarien aurkezpena, Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
- 19:00-21:00. Izaki Gardenak taldearen kontzertua, Beikozinin. Sarrera: 8 euro.
- Urriak 31, zapatua.
- 10:00. Liburuen Amuak irakurketa taldean Karmele Jaioren Aitaren etxea liburua landuko dute. Idazlea berak ere Kofradia Zaharreko ekintzan parte hartuko du. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
- 12:30-18:00. Euskal Herrietako istorio gaiztoak 7 urtetik gorako umeentzat ekimena Juan Kruz Igerabide idazleagaz, Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
- 20:30. Miren Amuriza bertsolariaren eta Asko Etxebarrieta La pulga flamenko dantzariaren Gorria ikuskizuna, Bide Onera zineman. Sarrera: 4 euro.
- Azaroak 1, domeka.
- 17:00-19:30. Hil kanpaiak filmaren aurrestreinaldia, Bide Onera Zineman. Sarrera: 4 euro.