Mutrikuko Arraun Taldearen lokala erosiko du udalak
Lokala erosteko 205.000 euro inbertituko ditu udalak. Diru kopuru hori aurrekontuaren gerakinetik bideratuko dute.

Mutrikuko Arraun Taldearen lokalaren jabearekin akordio batera ailegatu ondoren, lokala erosiko duela agertu du Mutrikuko Udalak. Udal iturriek azpimarratu dutenez, aspalditik zuten asmoetako bat bete dute horrela. “Arraun taldearekin hizketan egin dugu, eta lokal horrekin moldatuko direla esan digute”. Kirol instalazioa dagoen lokala erosi ahal izateko, 205.000 euro inbertituko ditu udalak. Diru kopuru hori aurrekontuaren gerakinetik bideratuko dute. Ordainketa hiru zatitan burutuko dute: 105.000 euro aurten eta 50.000 euro hurrengo bi urteetan.
Moilan dagoen lokalaren salerosketa hurrengo asteetan egingo dela iragarri dute. “Gaia lehenengo osoko bilkuran eztabaidatu beharra zegoen. Aurrekontutik kreditu transferentzia egin eta dirua mugitzeko, izan ere, adostasun bat egotea beharrezkoa zen”. Gaia, hain zuzen ere, aurreko astean egindako ezohiko osoko bilkuran eztabaidatu zuten. Proposamena hiru udal taldeen onespenarekin onartu zen, aho batez. “Proposamena beste hilabete batez jendaurrean ikusgai jarri behar da, eta horren ostean egongo da dirua erabilgarri”.
Arraun taldeko kideek pozik hartu dute berria. 18 bat urte egon dira bertan alokairuan, eta aurrerantzen lokal propioa izateak “egonkortasun bat” emango diela nabarmendu dute. “Lokala saltzen egon da aspaldian, eta lokala utzi beharko genuela kezka beti hor zegoen”. Lokalari dagokionez, gimnasioa eta materiala gordetzeko beste leku dute. Dutxak eta aldagelak, berriz, Arkugain elkartearen azpian dituzte, arraun elkartearen aurreko egoitzan.