Ondarroako arrantzale baten kaleratzearen aurkako protesta egin du LABek
Ondarroako Chemaipa enpresak egindako kaleratzea gogor salatu dute portuan eta enpresaren bulego aurrean egindako protestan.

Irailaren amaieran Ondarroako Chemaipa enpresako Kaxu arrasteontziko sukaldari eta arrantzalea kaleratu zuten, eta kaleratzea salatu eta langileari elkartasuna adierazteko protesta egin dute gaur [urriak 14] goizean. LAB sindikatuak deituta, Ondarroako portuko sarreran eta Chemaipa enpresaren bulegoen aurrean mobilizazio jendetsua egin dute.
Kaleratzea gogor salatu dute ordu erdi inguru iraun duen protestan batu direnek. Eskubide guztiak arrantzaleentzat!, Jazarpen sindikala gelditu!, Chemaipa-Arauko, kaleratzerik ez! eta antzeko leloak ozen entzun dira behin eta berriz, bertan batu direnek Chemaipa-Arauko errepresio sindikalik ez. Arrantzaleen eskubideak errespetatu leloa zeraman pankarta eusten zuten bitartean.
Kaleratutako arrantzalea, gainera, enpresan hauteskunde sindikalak bultzatzen ari zen; hain zuzen ere, LABen zerrendako hautagaia zen. Gaurko ekimenaren bitartez, argi utzi nahi izan dute ez daudela isiltzeko prest. “Lankide guztien eskubideak erreklamatzeagatik eta langileak antolatu nahi izateagatik kaleratua izan da. Jarrera hau, sindikalgintza eta langileen eskubideen aurkako eraso zuzena da. Ez dugu horrelakorik onartuko”.
Mota horretako eskubide urraketek jarraitzen duten bitartean, LABek horiek salatzen jarraituko duela azpimarratu du. “Aurrean izango gaituzue. Epaitegietan, enpresetan, kalean, eta noski, Ondarroako portuan ere bai”.
Chemaipa enpresako arduradunek hartutako erabakia ez dute ontzat ematen, eta horrelako kasuen aurrean erantzuna ematen saiatuko direla gaineratu dute. “Guk argi dugu kaleratze honegaz jendea atzera botatzea eta hauteskunde sindikalik ez ospatzea zela enpresa buruen nahia. Denak orain arte zegon moduan jarraitu ahal izatea zen euren helburua”.
“Arazoari konponbidea emateko ahaleginak egin baditugu ere, enpresako arduradunek argi utzi digute eurek ez dutela asmorik hartutako erabakia atzera botatzeko”
Osasun krisiak hauteskunde sindikalen prozesua eten ostean, atzeratutako hauteskundeak egunotan egingo dituztela iragarri dute. “Zerrendan zihoan langilea kaleratua izan bada ere, lankideek hauteskunde prozesuagaz aurrera jarraitzea erabaki dute”. Bozketa egiteko deialdia domekarako [urriak 18] egin dute. Ontzia itsasoan dago, eta deialdia, betiere, ontzia egun horretarako lehorratzen bada mantenduko dela esan dute. “Barikuan edo zapatuan zehaztuko digute noiz lehorreratuko den ontzia. Domekan ez badatoz, astelehenean egingo genituzke hauteskundeak”.
Hauteskundeak ospatuta, enpresako langileek babes legala izan ahalko dutela ohartarazi dute LABeko ordezkariek. “Eusko Jaurlaritzan erregistratuta geratuko da, eta modu horretara babes legala edukitzeko aukera izango dute”.
Kaleratzeari dagokionez, gaia epaitegietara eramango dutela gogorazi dute. “Koronabirusa dela eta, hainbeste epaiketa atzeratuta daude. Martxoan eta apirilean egin behar zirenek oraindik ez dute datarik. Jakinda hau luze joango dela, gaia saiatu behar gara kalera ateratzen, enpresaburuei presioa sartzen… Mahaian jarri eta arazoari konponbidea emateko ahaleginak egin baditugu ere, enpresako arduradunek argi utzi digute eurek ez dutela asmorik hartutako erabakia atzera botatzeko”.