Mutrikuko Udalak bere gain hartuko du Ondarbeltzeko frontoiaren mantenua
Espainiako Kosta Ministeritzarekin lortutako akordio berriari esker, kirol instalazio berri bat erabilgarri izango dute herritarrek. Frontoia erabili ahal izateko hainbat lan egin beharko ditu Ministeritzak.
Espainiako Transizio Ekologikoko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren proposamena onartu ondoren, Ondarbeltz hondartzaren alboan dagoen frontoiaren mantenua bere gain hartzeko konpromisoa hartuko du Mutrikuko Udalak. “Ministeritzak ultimatuma eman zigun. Frontoiaren lagapena emateko mantenurako konpromisoa hartzeko eskatu ziguten, bestelakoan eraikina bota egingo zutela. Proposamena interesgarria iruditu zitzaigun, baina frontoia erabili ahal izateko, gaia osoko bilkuratik pasatzea eskatu ziguten, eta onarpena bazegoen, hori ageri zen agiria eurei bidaltzea eskatu ziguten. Agiria asteon bidali dugu, eta prozedura martxan dago”.
Kosta Ministeritzarekin lortutako akordio berriari esker, kirol instalazio berri bat erabilgarri izango dute herritarrek. “Itsasertzeko Pasealekua egin ondoren, bidearen amaieran interesgarria iruditzen zaigu aisialdirako beste gune bat eskaintzea”. Frontoia gaur egun ez dago erabilgarri, burdinezko hesiekin itxita dago. “Goian dauden burdinek arrisku handia sortzen dute”. Frontoia erdi abandonatuta egon da urteetan. Duela bi urte, esaterako, hondatuta eta hautsita zeuden teilatuko metalezko plakak kendu zituzten, “bertatik igarotzen ziren oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko”. Ordutik, estalkirik gabe dago.
Frontoia erabili ahal izateko hainbat lan egin beharko ditu Ministeritzak. Besteak beste, frontoiaren gaineko burdinezko egitura kenduko dute eta txukundu ere egingo dute. “Erabilgarri egoteko moduan utziko digute frontoia, eta gu geroko mantenuaz arduratu beharko gara”.
Ministeritzak eskatu modura, frontoiaren lagapenaren gaia aurreko astean egin zen udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran eztabaidatu zuten. EH Bildu eta Berdeak+Independenteak alderdiek aldeko bozka eman zuten. EAJ, aldiz, abstenitu egin zen. “Ministeritzari teilatua egitea exigitu behar geniela argudiatuta, ez zuten aldeko botorik eman. Horretan saiatu ginen, baina ministeritzak garbi esan zigun, eraikina zegoen modura utziko zigutela, bestela eraitsi egingo zutela”.