Abian da Ondarroa Herri Lagunkoia proiektua
Herriko adinekoen iritzia jaso nahi dute. Idatzizko inkesten tartea amaitu ostean, telefono bidezko inkestak egiten hasi berri dira.
Antiguako Ama elkarteak eta Ondarroako Udalak elkarlanean abiarazitako Ondarroa Herri Lagunkoia egitasmoa bidea egiten hasi da. Proiektuaren helburua herriko adinekoak protagonista bihurtu eta horiei berba eta lekua ematea dela azpimarratu dute. “Adinekoen bizi kalitatea hobetu nahi dugu, eta ondorioz, Ondarroako herri osoarena. Horretarako Ondarroako diagnostikoa egingo dugu, herria adinekoen ikuspegitik zelan dagoen jakiteko”.
Proiektuan 65 urtetik gorako ondarrutarrak parte hartzen ari dira. Diagnostikoa osatzeko bidean lehen urratsa horien guztien iritzia jasotzea dela esan dute; horretarako inkestak egingo dituzte, idatziz zein telefonoz. Honako gaiak landu dituzte, besteak beste: irisgarritasuna, zirkulazioa, segurtasuna, gizarte laguntza, garraioa, aisialdia eta azpiegiturak. Antiguako Ama elkartean, esaterako, irailaren 21etik urriaren erdialdera arte inkestak betetzeko aukera egon da. Telefono bidezko inkestekin, ostera, duela aste eta erdi hasi ziren. “Ondarroako Udalaren izenean dei bat jasoko dute etxean, galdera batzuei erantzuteko”.
Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren hiri adeitsuen programako diru laguntza baten babesa du, eta kudeaketa AZ Aholkularitza enpresa egiten ari da, Ondarroako Udalaren eskariz.