Antxoa agertu da bertoko hondartza eta ibaietan
Marea biziekin urtero gertatzen den fenomenoa da. Marea biziek antxoak itsasertzeraino ekartzen dituzte itsasgoran, baita haien atzetik datozen beste hainbat espezie ere.
Egunotan antxoak bertatik bertara ikusteko aukera eduki dute kostaldean paseatzen ibili direnek. Marea biziak direla eta, arrainak ohikoa baino gehiago hurreratu dira itsasertzera. Egunotan, milaka eta milaka antxoa gazte ikusi ahal izan dira hondartzetan, harkaitzetan edo ibaian gora.
Ondarroan, esaterako, tamaina oso txikiko antxoa sardak Artibain ibaian gora ikusi ahal izan dira, eta pasealekuan joan-etorrian zenbiltzan herritarrek eta bisitariek ikuskizun ederra eduki zuten begien bistan. Asko, gainera, baldeekin, plastikozko poltsekin edo salabardoen laguntzarekin horiek arrantzatzen ere saiatu ziren, eta batzuk sariarekin ere bueltatu ziren etxera. Mutrikun, berriz, igerileku zaharrean ere hainbat antxoa harrapatuta geratu ziren.
Marea biziekin urtero gertatzen den fenomenoa da. Antxoak itsasertzeraino ekartzen ditu itsasgoran, baita haien atzetik datozen beste hainbat espezie ere. Egunotan, berdelak eta betandiak ere asko hurreratu dira kostaldera, eta kainaberekin bertaratu diren arrantzaleek bat bestearen atzetik arrantzatzeko aukera eduki dute.