Minbizia zer den ulertzeko liburua kaleratu du Iker Badiola ondarrutarrak
EHUko ikertzaile eta irakasle ondarrutarrak minbiziaren funtzionamenduaren "sekretuak eta mekanismoak" modu erraz batean azaldu dizkie prestakuntza zientifiko espezifikorik gabekoei.
Liburua Glyphos argitaletxeak plazaratu du eta Ainhoa Caporossi artisaren irudiak ditu. Erositako liburu bakoitzeko euro bat minbiziaren aurkako borrokara bideratuko dute. Iker Badiola ikertzaile ondarrutarrak eguaztenean [urriak 21] aurkeztuko du minbizia zer den ulertzeko Cangrejo de Troya. Las bases celurares y moleculares del cancer al alcance de todos liburua. Aurkezpena 19:30ean hasiko da, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.
EHUko ikertzaile eta irakasle ondarrutarrak minbiziaren funtzionamenduaren “sekretuak eta mekanismoak” azaldu ditu lanean. Liburuaren helburua, hain zuzen ere, herrialde garatuetan eragin handiena duen gaixotasunaren arrazoiak prestakuntza zientifiko espezifikorik gabekoei modu erraz batean azaltzea da. Egileak teknizismorik gabeko hizkuntza erabili du horretarako. Estilo sinplean idatzia dago argitalpena, adibide errazekin. “Horrela ulergarriagoa egiten da patologiaren mekanismo zelular eta molekularren atzean dagoen konplexutasuna”.
Ia mundu guztiak gaixotasuna gertutik bizi izan duela kontuan hartuta, minbiziaren sorrera eta iraupena ahalbidetzen duten mekanismoak ezagutzeko interesa duen edonorengan pentsatuta idatzi du lana Badiolak. Liburua zientzian sakotzen duen testua bada ere, honako galdera erraz eta konplexuei ematen die erantzuna: Nola sortzen da minbizia?, Zergatik hiltzen du?, Zer da metastasia?, Zergatik saihestu behar da? edo Nola ikertzen da minbizia?
Iker Badiola Etxaburu Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea da. Gibeleko metastasiaren oinarri zelularrak eta molekurrak ikertzen eman du bere ibilbidea. Gaur egun, metastasi hepatikoaren aurkako terapia berriak lortzeko lanean dihardu Signaling LAB taldean. Zientzia dibulgazioan aritzen diren hainbat erakunderen ohiko kolaboratzailea da, besteak beste, EHUko Kultur Zientifikoko Katedran eta Zientziaren Giltzak elkartean. Hogei bat artikulu zienfikoren eta patente baten egilea da.
Horrez gain, hiru doktorego tesi zuzendu ditu eta Histologiari buruz osasun arloko profesionalei zuzendutako lau liburu ere idatzi ditu. 2006. urtean ikertzaile gazte onenaren saria jaso zuen Niigatan (Japonia) egindako 13. ISCHS biltzarrean. 2019an, ostera, Galiziako Zientzian Errege Akademiak ematen duen Ernesto Viesitez saria ere jaso zuen, tumoreen aurkako terapia bat hainbat diziplinatako ikertzaileek osatutako taldeagaz batera garatzeagatik.