EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak sei lagunetara mugatzea
Auzitegiak esan du Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «oinarrizko eskubideak urratzen» dituela eta «lege babesik» ez duela. Esan dutenez, Jaurlaritzak bakarrik «gomendatu» egin ahal du talde bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea.
Eusko Jaurlaritzak talde bilerak sei lagunetara mugatzeko hartu nahi zuen neurria atzera bota dio EAEko Auzitegi Nagusiak. Oinarrizko eskubideei “bakarrik estatuko lege baten bidez” ezarri ahal zaizkiela mugak ziurtatu du administrazioarekiko auzien salak gaur [urriak 22] goizeko lehen orduan igorritako auto batean. Beraz, Jaurlaritzak bakarrik «gomendatu» ahal izango du, bai arlo pribatuan zein publikoan, talde bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea, eta ez da «betebeharra» izango.
Joan den zapatuan [urriak 17] iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak, LABI aholku batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu eta gero. Horien artean iragarri zuten talde bilerei eragiten dion neurria (hamarrekoa da oraingo muga). EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki horiek berresteko zain zegoen gobernua, agindu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko eta indarrean jartzeko. Auzitegiko epaileek ebatzi dute Jaurlaritzak ezin duela legez mugatu bilerak sei pertsonakoak izatea, oinarrizko eskubideen aurka doalako eta «lege babesik» ez duelako.
Auzitegiak hori onartu ez duenez, orain bost eguneko epea du helegitea aurkezteko. Sei pertsona biltzeko eskubidea mugatzeko aginduaz bakarrik ari da epaia, gainerakoek oinarrizko eskubideak urratzen ez dituztela uste duelako.
Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiagaz ez dator bat Iñigo Urkullu lehendakaria. Facebook sare sozialean argitaratu duenez, ebazpena «errespetatu eta onartu» egiten du, baina ez dator bat autoagaz «inondik inora».
Are gutxiago Fiskaltzak aldez aurretik «aldeko iritzia» eman ondoren: «Badirudi auto honek alarma egoera erabakitik igarotzen ez den edozein neurriri ate guztiak itxi nahi dizkiola. Badirudi Jaurlaritzak iradokizunak bakarrik egin ditzakeela».
Urkulluk jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak egoera aztertzen eta neurriak proposatzen jarraituko du, «koronabirusak sortu duen egoerari erantzuteko». Izan ere, Justizia Auzitegi Nagusiaren auto hori bat etorri da Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan kasu positiboak nabarmen handitzeagaz: «Eusko Jaurlaritzaren jarrerak irmoa izaten jarraituko du osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko. Jaurlaritzak eta erakunde guztiek birusa gelditu eta pertsonen osasuna bermatzeko helburu partekatuagaz lanean jarraituko dugu. Lankidetzarako deia egiten dugu».