Gorka Elordi: "Interesa badago iraultza energetikoa bultzatzeko"
Premiazkoa bihurtu da energia iturri berriak eta horien kudeaketa eraginkorra bilatzea. Hidrogeno berdearen aukerez dihardu Elordik, baina eragile guztien inplikazioa ahaztu barik.
Erregai fosilak agortzeko bidean direla eta, gero eta ozenago entzuten dugu energia berdearen kontzeptua.
Izan ere, badago gizartean kezka bat baliabideen ustiaketaren inguruan, ingurumen arazo larriak eragin dituelako. Ondorioz, gizakiok beste energia iturri batzuk bilatzeari ekin diogu: energia berriztagarriak edo energia berdea, hau da, eolikoa, eguzkia energia, hidraulikoa, itsas energia eta biomasa.
Eta posible da alternatiba berriztagarrien bidez kontsumo eskariari erantzutea?
Seguraski, urte batzuen buruan energia berdea deitzen diogunaz hornitu ahalko gara, baina horrek ez du esan nahi ingurunean ez duela izango inolako eraginik. Halere, gaur egungo erregai fosilen erabileraz konparatuta, eragina askoz txikiagoa izango da.
Eta zein izan behar da norbanakoen jarrera?
Kontzientzia hartu behar dugu, eta energiaren kontsumoa ahalik eta gehien murriztu, beharrei uko egin gabe, logika baten barruan, alegia. Horrek eskatzen du, adibidez, neguan etxe barrua 19 edo 20 gradutan edukitzea, ez gehiago; udan aire egokitua hotzegi ez ipintzea, hozkailua neurriz kanpo ez erabiltzea eta ur kontsumoa murriztea. Horrenbestez, nahiz eta sortzen dugun guztiak beti eragina eduki, zenbat eta gutxiago, hobe.
Eta testuinguru horretan ikusi da hidrogeno berdeak aukera asko ematen dituela….
Hidrogeno berdea hidrogenoa lortzeko sistema bat da, printzipioz ingurumenean eraginik eduki barik. Korronte elektrikoaren bitartez ura banatu egiten da: alde batetik, hidrogenoa dago, eta bestetik, oxigenoa. Dena dela, elektrizitate hori iturri sustengarrietatik sortu beharko litzateke. Horregatik, elektrizitate hori aire-sorgailuen bidez sortzea proposatzen da.
Hidrogeno horrek zer erabilera dauka?
Zuzenean erregai-piletan erabili daiteke edo, bestela, Petronorrek Bilboko instalazioan egin nahi duena egin, hots: lehenengo, CO2 eguratsetik jaso, bigarrenik, ura banatu eta hidrogenoa lortu, eta hirugarrenik, CO2agaz eta hidrogenoagaz erregaia lortu ostera ere erabiltzeko.
Petronorren sistemak ze desabantaila dauzka?
Bi arazo dauzka: Batetik, eraldaketa bakoitza sekula ez da %100 eraginkorra. Aldiro galerak handitzen dira, eta une honetan, gainera, CO2tik hidrokarburoetarako karbonoaren eraldaketa maila nahiko baxua da. Bestetik, energia elektrikoa lortuta, zuzenean energia banatzeko erabili beharrean, beste etapa batean sartzen da hidrogenoa lortzeko.
Beraz, ez deritzozu egokia proiektua?
Sistema energetikoaren eraginkortasunaren ikuspuntutik, horrek zentzua edukiko luke baldin eta sortzen ari garen elektrizitatea kontsumoa baino altuagoa bada. Orduan, bai, ze energia elektrikoa metatzea kostatu egiten da. Momentu horretan egokia izan daiteke gain sorrera hori uretatik hidrogenoa lortzeko erabiltzea. Dena den, lehenengo energia iturri modura, behin energia elektrikoa edukita, ez da hain interesgarria hidrogenoa automatikoki sortzea.
Petronorrek besterik esango du…..
Proiektua epe labur edo ertainera begira aztertuz gero, erregai fosilak darabilten ibilgailuak ditugun bitartean, hegazkinak adibidez, hobeto da erregai hori aurrez isuritako CO2tik eratorria izatea, eta ez erregai fosiletatik. Prozesua guztiz eraginkorra balitz, prozesu ziklikoa osotuko litzake, eta CO2 isuri berririk ez litzateke egongo. Bestetik, Petronorri bere CO2 isurketak murrizteko ere balioko dio.
«Denbora daramagu kontu hauek ikertzen, orain besteko oihartzunik gabe»
Zuen departamentuan arlo hori lantzen ari zarete?
Guk erabilitako polimeroak (plastiko edo neumatikoak) berziklatzen edo biomasa hondakinak balioztatzen dihardugu, hau da, hidrokarburo erregaiak, produktu kimikoak edo hidrogenoa lortzen. Hori beste bide bat da, batez ere erregai-piletan erabiltzeko, energia metatzeko eta galdaratan erabiltzeko.
Izan ere, arlo horretan ere alternatibak behar dira, ezta?
Gas naturala butanoa eta propanoa baino garbiagoa da, zer esanik ez fuela eta ikatza baino. Hala eta ere, etorkizunera begira hobetzeko modua pentsatu beharko litzateke, ze gas naturalak ere CO2 isurketa eragiten du, eta hor dago negutegi efektua.
Zuek luze zabiltzate materialen berziklatzeaz arduratuta….
Orain arte ikerketa ildo horretan lan egin izan dugu, hain zuzen ere, plastiko neumatiko edo biomasa hondakinetatik berriz ere erabilgarriak izan daitezkeen materialak lortzen. Plastikoen kasuan, adibidez, polimerotik, berriz hori sortzeko behar diren monomeroak lortzen, prozesu ziklikoa osatuz.
Orain, beste bide bati ekin diozue. Zein?
Beste arlo bati ekin diogu, bai: biomasa hondakinak jaso eta hidrogenoa lortzea. Prozesu horretan sortzen den CO2 hori gorde edo metatzen saiatzen gara, egueratsera ez isurtzeko eta beste erabilera batzuk emateko. Horrek eragin gutxiago edukiko luke negutegi efektuan, nahiz eta berau ere %100 berdea izan ez. Gaur egungo sistema hobetzeko pausoa da, ostera.
Azken boladan ikerketa horiek interes handiagoa lortu dute?
Duela hamabost urte ere bagenbiltzan kontu horiek ikertzen, orain besteko oihartzunik eduki ez arren. Urrutiko kontu bat modura ikusten zen. Orain, aldiz, ikusten da lehenxeago edo beranduxeago neurriak hartu beharra egongo dela. COVID-19ak ere areagotu egin du ardura hori.
Ardura aipatu duzu. Ze eragile inplikatu behar dira aldaketa posible izateko?
Faktore asko hartu behar dira kontuan guztia martxan jartzeko, jakina. Nolanahi ere, antzematen da instituzioek eta gizarteak indarra egin nahi dutela proiektu zehatz batzuetan, eta, horien bultzadaz industriak ere nahiko hobekuntza egin ditu. Era horretara, iraultza energetikoa bultzatu ahal da, hau da, behar dugun energia lortzeko baliabideak modu sustengarrian lortzera jo.