Alarma egoera onartu du Espainiako Gobernuak, sei hilabeterako luzatzeko asmoz
Printzipioz, hamabost egunerako ezarri dute. Sei hilabeterako luzatzeko, Espainiako Kongresuak onartu beharko du. Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da alarma egoera oraingoz: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Autonomia erkidegoetako buruek kudeatuko dute, eta ordutegiak moldatzeko aukera edukiko dute.
Maiatzaren 9ra arte arte luzatu nahi du Espainiako Gobernuak alarma egoera, izurriari aurre egiteko. Domekan honetan [urriak 25], Madrilen, Ministro Kontseilu berezian onartu dute sei hilabeterako ezarri nahi duten egoera. Printzipioz, hamabost egunerako ezarri dute. Sei hilabeterako luzatzeko, Espainiako Kongresuak onartu beharko du.
Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da alarma egoera oraingoz: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Baina biltzeko eskubidea mugatuko dute, eta gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute. Eztabaida dago etxeratzeko aginduaren ordutegiaren inguruan, baina 23:00etatik 06:00etarako tartea proposatu du Pedro Sanchezen exekutiboak.
Autonomia erkidegoetako buruek kudeatuko dute, eta ordutegiak moldatzeko aukera edukiko dute: etxeratze agindua ordubete aurreratu edo atzeratu ahalko dute —alegia, 22:00etatik 07:00etara, gehienez—. Araututako tarte horretan ezingo da kalean ibili, ez bada lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko.
Erkidegoek erabaki ahalko dute, gainera, euren lurraldeko mugak ixtea, edo haien barruko eremu bat zarratzea. Asko jota sei pertsona elkartu ahalko dira, ez badira elkarrekin bizi.
Astelehenean bilerak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak abegi ona egin dio Espainiako Gobernuaren erabakiari, eta azaldu du astelehenean [urriak 26] bertan bilduko direla erkidego bakoitzeko jarraipen mahaiak, egoera aztertzeko, eta neurriak hartzeko. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi du Urkulluk.
Eusko Jaurlaritzak bariku arratsaldean eskatu zuen alarma egoera ezartzea, neurriak hartu ahal izateko, eta erkidegoen esku uztea haren kudeaketa, eta halaxe egin du Sanchezen exekutiboak. EAEko Justizia Auzitegiak aste honetan debekatu dio Jaurlaritza jende bilerak sei lagunetara mugatzea, hain justu; orain Gasteizko gobernuak aukera izango du neurriak zorrozteko.
Orain egoera arinago eta zehatzago kudeatzeko aukerak izango direla uste du Urkulluk, eta gogorarazi du abuztuaren 8az geroztik ohartarazi duela urrats horiek egiteko beharraz. Juridikoki, alarma egoeraren «autoritate delegatuak» izango dira erkidegoetako presidenteak. Horrek esan nahi du haiek hartuko dituztela erabakiak, eta erkidegoetako kontseiluan koordinatuko dituztela.
Pedro Sanchezen agerraldia. Ministro kontseiluaren ondoren, hedabideen aurrean agerraldia egin du Sanchez, alarma egoeraren xehetasunak azaltzeko. Azken asteotan COVID-19 kasu kopurua asko handitu dela, eta Europako beste hainbat estatuk neurri zorrotzak hartu dituztela argudiatu du Sanchezek.
Izurriaren bigarren olatua ezberdina dela adierazi du Sanchezek: gutxiago hiltzen du, eta jende gazteagoa ari da kutsatzen. Horregatik alarma egoera ezberdina izango dela gaineratu du: erkidegoekin hasieratik «kogobernantzan» arituko dela esan du.
Tarteko luzapenik gabe
«Zergatik sei hilabete?», galdetu du Sanchezek. Eta erantzun du adituek uste dutela epe hori behar dela bigarren olatuari aurre egiteko; arnas aparatuko gaitzei kalte egiten dieten birusak udazkenean eta neguan erasaten diete gehien pertsonei. Radar-Covid aplikazioa instalatzeko eskatu du Sanchezek, eta etxean geratzeko eta harremanak murrizteko ahal bezainbeste.
Udaberrian, alarma egoera bi astetik bi astera luzatzen jardun zuen gobernuak, eta, orduan ez bezala, orain alarma egoera luzea du buruan Espainiako Gobernuak. Bozketa bakarrarekin, sei hilabeterako ezarri nahi du, saihesteko udaberrian gertaturikoa: hau da, bi astetik behin egoera luzatzeko eztabaida eta bozketa egin behar izatea Kongresuan.
Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman alarma egoera ezartzeko neurriari. Eta erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartzea nahi du Sanchezek, harekin gatazkarik sortu gabe. Eguerdiko agerraldian galdetu diote PPren babesa izango ote duen; ez du erantzun, baina harremanetan daudela jakinarazi du. Dekretua Kongresuan onartzeko gehiengoa edukiko duela uste du Sanchezek.
Astelehenean, goizeko hamarretan, autonomia erkidegoetako presidenteekin bilera telematikoa egingo du Sanchezek, bestalde.