Zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitzen du Master Goxua txapelketak
Iragarrita zeuden bost partiduetatik lau jokatu dituzte asteburuan, horietako bat aldaketagaz.
II. Master Goxua Txapelketa martxa onean aurrera badoa ere, 4. eta 5. jardunaldiak aldaketa bat edo bestegaz jokatu dira asteburuan. COVID-19a dela eta, iragarrita zeuden bost partiduen ordez lau jokatu dituzte Markina-Xemeingo frontoi txikian, horietako bat aldaketagaz.
Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, bi partidu jokatu zituzten zapatu [urriak 24] arratsaldean; biak ala biak oso estuak eta lehiatuak izan ziren. Lehen partidua Onagoitiak eta Joanesek irabazi zuten. 18-17 irabazi zieten Bikandi eta Bereikuari. Bigarren partiduan, berriz, Bustindui eta Ezpeleta nagusitu ziren. 18-16 irabazi zieten Lakari eta Eritzi.
Domekan [urriak 25], ostera, iragarritako partiduetako bat jokatu zuten. Peio Etxebarrietak eta Oier Urrutiak 18-15 irabazi zieten Antsotegiri eta Jaiori. Iker Mendibek eta Urizarrek osatutako bikoteak Iglesiasen eta Agarreren aurka jokatu behar zuten partidua bertan behera geratu zen. “Bikoteetako batek ezin zuenez jokatu, beste bikote baten aurka elkartu genituen. Etxaberen eta Madariagaren aurka jokatu zuten Mendibek eta Urizarrek azkenean; hiru aste barru jokatzekoa zen partidua jokatu zuten, hain zuzen”. Mendibek eta Urizarrek irabazi zuten norgehiagoka. 18-11 irabazi zieten Etxaberi eta Madariagari.
Asteburura begira sei bat partidu jokatuko dituztela iragarri du Urionabarrenetxeak. Zapatuan [urriak 31], 16:00etan hasita jokatuko dituzte norgehiagokak. “Hurrengo egunetan iragarriko ditugu bikoteak”.