Sei hilabeterako alarma egoera onartu du Espainiako Kongresuak
Kongresuak gehiengo handiz onartu du Espainiako Gobernuak egindako dekretua: aldeko 194 boto, 99 abstentzio eta 53 ezezko egon dira. "Gauzak hobetzen badira" lehenago ezeztatzeko aukera ere egongo da.
Koronabirusagatik ezarritako alarma egoera sei hilabetez luzatzeko proposamena egin du gaur [urriak 29] Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Kongresuan. Gobernuak gehiengo handiz atera du erabakia aurrera alarma egoera 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzea: aldeko 194 boto, 99 abstentzio eta 53 ezezkogaz. Alarma egoera, bien bitartean, autonomia erkidegoek kudeatzen jarraituko dute, eta “gauzak hobetzen badira” lehenago ezeztatzeko aukera ere egongo dela esan dute.
Beraz, Erkidegoetako lehendakariek izango dute gidaritza. Eta haiek eskumena edukiko dute oinarrizko eskubideetan murrizketak egiteko, kutsatzeak eteteko. Hain zuzen ere, hori oinarri hartuta jarri dituzte egunotan indarrean joan-etorriak eta jendearen elkartzeak mugatzeko neurriak ere.
Hori bai, babes horien truke Sanchez presidenteak pandemiari aurre egiteko neurrien eraginkortasunaz azalpenak eman beharko ditu bi hiletik behin Kongresuan egin beharko duen agerraldian, baina bozketarik gabe. Eta Salvador Illa Osasun ministroak, aldiz, hilero Ganberako Osasun Batzordean agerraldia egin beharko du. Lau hilabete barru, martxoaren 9an, Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluak berrikusiko du egoera; erkidegoetako presidenteek alarmari eutsi behar ote zaion edo ez aztertu beharko dute.
Aitor Estebanek hamabost eguneko alarma estatua ezartzea eskatzen duten proposamenen kontra egin du. Ordukoa “zoratzeko modukua” izan zela argudiatu du
Sanchezen proposamenak, besteren artean, EAJren, ERCren, Ciudadanos, Mas Pais eta Comprimisen babesa lortu du. Aitor Esteban EAJren bozeramaileak gaur egungo egoera “larritzat” jo du, baina alarma egoeraren luzapenak ez dakarrela sei hilabetetan salbuespen neurriekin jarraitzea gaineratu du. Berretsi duenez, tresna horregaz bilatzen dena “marko orokor bat edukitzea” da, autonomietako presidenteek “arintasunez” erantzuteko aukera eduki dezaten.
Estebanek, hain zuzen, alarma egoerak soilik hamabost egun edukitzea eskatzen zuten proposamenen kontra egin du; martxotik aurrerako egoera “zoratzeko modukua” izan zela argudiatu du. “Etengabeko tentsioa eta ziurgabetasun juridikoa eragin zuen, herritarrei oso irudi negatiboa transmititzeaz gain”. Beste alde batetik, egoki jo du Gobernua Kongresura joatea azalpenak ematera.
Mertxe Aizpuru: “Osasun sistema indartu behar da. Ezin da berriro gertatu arakatzailerik ez egotea edo pandemia egoera batekin negozioa egitea”
Abstentziora jo duten alderdien artean dago EH Bildu. Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu duenez, helburu nagusia jendearen osasuna eta bizitza salbatzea da, baina “subiranotasun gehiago” behar dela ere gogorarazi du. “Autogobernu maila ez da nahikoa horrelako krisiaren aurrean, eta, tamalez, ez da azken aldia izango”.
Aizpuruak gaineratu duenez, osasun sistema ere indartu egin behar da. Horretarako, EH Bilduk proposamen sorta bat ere aurkeztu du. “Ezin da berriro gertatu arakatzailerik ez egotea edo pandemia egoera batekin negozioa egitea”. Horrez gain, Gobernuak pandemiaren lehen olatuak onartutako neurri ekonomiko eta sozialak zabaltzeko ere eskatu du, “alarma estatuak sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenetan sortzen diren ondorioak arintzeko. Besteak beste, zaurgarriak diren pertsona edo familien, merkataritzan eta autonomoetan, ostalaritza sektorean edo ETEen kasuan”.