Arartekoa kezkatuta dago pandemia garaian hizkuntza eskubideak urratu direlako
Zerbitzu publiko batzuetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez dela bete salatu du Arartekoak, eta gogora ekarri herritarrek aukera izan behar luketela nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko.
Koronabirusak eragindako pandemian hizkuntza eskubideak urratu direla eta, Arartekoak esan du kezkatuta dagoela. Ohar bidez, zera adierazi du: “Erakunde honek jakin du euskaraz artatua izateko eskubidea ez dutela aintzat hartu zerbitzu publiko batzuetan”. Gogora ekarri du, gainera, Europako Kontseiluak ohartarazi zuela zein garrantzitsua den pandemia garaietan tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea: “Norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean hitz egiteko eta artatua izateko eskubidea ezin da jo, inolaz ere, bigarren mailako eskubidetzat. Hizkuntza eskubidea beste osagai bat bezala hartu behar da kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzean, batez ere osasun zerbitzuan, horretan funtsezkoak baitira gertutasuna, konfiantza eta zainketa”.
Horregatik, Arartekoaren iritziz, agintariek ere erantzukizuna daukate pandemiari buruzko mezu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izan daitezela bermatzeko, “hizkuntza eskubidea bigarren mailara bazter ez dadin”. Azken hilabeteotan, euskalgintzako eragile ugarik salatu dute euskara bazterrean geratzen ari dela agintariek egiten dituzten agerraldi publikoetan eta eskaintzen diren zerbitzuetan. Kritika horri batu zaio, beraz, Arartekoaren abisua.
Uemaren salaketa. Uemak ere esan du atzo [urriak 28] dozenaka udalen mezuak jaso zituztela, Ertzaintzak udaletara eta Udaltzaingoetara helarazi dituen irizpideen euskarazko bertsioa eskatzeko. Esan dutenez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ofizialki eskatu dugu dagokion lekuan irizpide horiek euskaratzeko. “Oraindik, baina, erantzunaren zain jarraitzen dugu. Ea noiz iristen den euskarazkoa”.
Eskubide urraketa hori “larria” dela esan du Uemak. “Euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzeaz gain, herriz herri, udalen webguneetan eta herritar gehienen mezularitza aplikazioetan dabilelako dokumentua, gaztelania hutsean. Erantzukizunak eskatu ditugu, baina publikoki ere salatu beharrekoa da”.