Epsilon borraskak olatu handiak ekarri ditu
Alerta laranja ezarrita bada ere, ez da aparteko gorabeherarik egon. Baxurako ontziek Ondarroan porturatzeko zailtasunak izan dituzte, eta batek barrako musturra ere jo du.
Atlantikoa zeharkatu dute Epsilon urakanaren hondarrek irudi ikusgarriak laga dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun azken orduetan. Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja ezarrita egon da, eta ondorioz, olatu handiak ekarri ditu itsasertzera. Eta alerta laranja ezarrita bada ere, ez da aparteko gorabeherarik egon. Eguerditik aurrera olatuen indarra galtzea aurreikusten da. Hori dela eta, larrialdi abisua laranjatik horira jaitsiko dute.
Udazkeneko lehen denboralearen eragina nabarmena izan da kostaldean, eta denboralearen eraginez, olatuek gogor astindu dute itsasertza. Atzo [urriak 28] arratsaldean olatuak zakartuz joan ziren, eta itsaso kizkurraren eraginez, gaua egin orduko handitzen joan ziren. Ondarroan, esaterako, olatuak Artibai ibaian gora sartu ziren. Ordu horietan paseatzean egon zirenek harrituta begiratzen zuten errekara, eta jolas ontzien jabeek aparteko neurriak hartu behar izan zituzten. Besteak beste, txikot gehiagogaz lotu behar izan zituzten ontziak pantalanera; bat edo bestek elkar ere jo zuten.