Elkarretaratzeak egingo dituzte eguaztenean, "osasungintza publikoa defendatzeko"
Kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren aldeko protestak 17:00etan egingo dituzte Berriatuan eta Ondarroan. Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mutrikun 19:00etan jarri dute hitzordua.
Mobilizazio guztiak Osasungintza publikoa defendatu! lelopean egingo dira. Kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren alde azaroaren 4an eta 11n (eguaztenak) egingo dituzte protestak, hain zuzen. “Orain inoiz baino gehiago, kalera”. Eskarien artean, lehen arretarako baliabide gehiago, osasungintzan inbertsio gehiago egitea (BPGaren %7a, gutxienez) eta murrizketarik eta pribataziorik ez egiteko eskatuko dute.
Herritarrak mobilizazioaren argazkiak sare sozialetara igotzera animatu dituzte. Horretarako #OsasungintzaPublikoaDefendatu traola erabiltzeko deialdia egin dute. Berriatuan, gainera, osasun etxea itxita dago, eta herritarrek elkarretaratzea aprobetxatuko dute zabaltzeko eskatzeko. Deitzaileek argi utzi dute ekimenak segurtasun neurri guztiak beteta egingo direla. Mobilizazioak, herriz herri:
- Berriatua: 17:00etan, osasun etxearen aurrean.
- Ondarroa: 17:00etan, osasun etxearen aurrean.
- Lekeitio: 19:00etan, osasun etxearen aurrean.
- Markina-Xemein: 19:00etan, osasun etxearen aurrean.
- Mutriku. 19:00etan, osasun etxearen aurrean.