Ondarroako Literatur Amuak jaialdia, beste behin ere, arrakastatsua
Gaur egungo zailtasunei aurre eginda domekan [azaroak 1] amaitu zen aurtengo Ondarroako Literatur Amuak jaialdia. Lau jardunalditan banatuta antolatu diren ekintza guztiak kontuan hartuta, aurtengo jaialdia "arrakastatsua" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Egitasmoari buruzko balorazio ona egin du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak, eta eskerrak eman dizkie sortzaileei eta bertaratu diren ikus-entzule “fidel” guztiei. “Ekitaldi guztietan ia aforo guztiak bete dira. Gaur egun gauden egoeran ere posible da kultur ekintzak antolatzea. Udalak horren aldeko apustua egin du, eta jendearen babesagaz eta parte hartzeagaz hau dena posible izan da”. Maite Rey udaleko euskara teknikaria ere pozik agertu da emaitzagaz. “Literatura ardatz hartuta, denetarik egon da. Jendearen aldetik ikusi dugu kultur ekitaldietan parte hartzeko gogoa badagoela”.
Antolatu dituzten ekintzen artean, Augustin Zubikarai gogoan hartuta literaturari zuzendutako hainbat ekintza egin dituzte. Barikuan [urriak 30], esaterako, nobela bekaren azken lan sarituak hobeto ezagutzeko aukera egon zen. Ekintzaren baitan Joxemari Urteagak Idoia Garzes iazko Augustin Zubikarai bekaren elkarrizketatu zuen; lasartearrak argitaratu berri duen Mendiko gaitza lana izan zuten mintzagai. “Freskoa izan zen aurkezpena. Bertan batu ginen guztioi liburua irakurtzen hasteko gogoa piztu ziguten. Joxemarik aitatu zuen legez, azkar-azkar irakurtzen da liburua. Nahi duenak Txomin Agirre liburutegian dauka irakurgai”.
Xabier Mendigurenek Elkar argitaletxeko editoreak, ostera, Lander Garro aurtengo nobela beka irabazlea elkarrizketatu zuen. “Egonkortuta dagoen saria da, aurtengoagaz Augustin Zubikarai saria beka formatuan antolatu izan dugun hogeigarren aldia izan da”.
Zapatuan [urriak 31] egin zen Liburuen Amuak irakurketa taldearen ekintza ere oso arrakastatsua izan zen. Karmele Jaioren Aitaren etxea nobela eduki zuten hizpide, idazlea bera han zelarik. “Aforoa bete egin zen; 30 lagun batu ziren ekintzan. Irakurle taldeko irakurle fidelak dozena bat inguru dira, baina Karmele Jaiok jende gehiago batzeko indarra eduki zuen». Miren Amuriza bertsolariaren eta Asko Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariaren ikuskizunak ere zur eta lur utzi zituen Bide Onera aretora hurreratu zirenak. “Proposamen ausarta da. Jendeari asko gustatu zitzaion”.
Aurtengo proposamenak Hil kanpaiak filmaren aurrestreinaldiaren bi emanaldiekin agurtu zituzten. “Bai ala bai egin beharreko ekitaldia izan zen. Proiektua Ondarroan hasi zen beka proiektu modura, eta film bihurtzerainoko bidea egin du”.