Emakumeak eta kirola Ondarroan gaia ikertzeko beka deialdia egin du udalak
Deialdia norbanakoei zuzenduta dago eta irabazleak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du. Bekara aurkezteko interesa daukatenek abenduaren 14ra arte zabalik dute proposamenak aurkezteko epea.
Ondarroako Kirolariak Historian Zehar egitasmoko 2020ko ikerketa beka zein izango den ezagutara eman du udalak. Aurten aukeratutako gaia Emakumeak eta kirola Ondarroan izango dela iragarri dute. “Bekaren oinarria emakumeek Ondarroan eduki duten kirol ibilbidea jorratzea da”. Bekara aurkezteko interesa daukatenek abenduaren 14ra arte zabalik dute proposamenak aurkezteko epea. Proposamenak eta eskatutako agiri guztiak udal erregistroan (Kantoipe kalea, 3) aurkeztu beharko dira.
Bekaren ordainsaria 3.000 eurokoa da, eta lehiaketaren irabazleak sei hilabeteko epea edukiko du proiektua osatzeko, “proiektu irabazlea berea dela esaten dioten egunetik hasita”. Lana amaitzean egileak jendaurrean aurkeztu beharko du, eta horren jabetza Ondarroako Udalarena izango dela gogorarazi dute. “Udalak beretzat gordetzen du lana osorik edo partzialki erreproduzitu, argitaratu eta plazaratzeko eskubidea, bere kabuz edo beste erakunde bategaz sinatutako hitzarmen bidez, egoki deritzonean. Betiere lanaren egiletza aitortu beharko da”.
Deialdia norbanakoei zuzenduta dago; bai ondarrutarrei eta baita ondarrutarrak ez direnei ere. Lanaren luzera, gutxienez, 100 orrialdekoa izan beharko da, eta azpimarratu dutenez, aurkezten diren proeiktuen azterlana eta memoria euskara hutsean idatzita egon beharko dira nahitaez. “Lan guztia euskaraz egin beharko da. Proiektua aurkezterakoan ezinbestekoa izango da EGA edo baliokidea den titulua ere aurkeztea”.
Aurreko urteetan, besteak beste, honako gaiak jorratu dituzte Ondarroako Kirolarik Historian Zehar egitasmoko ikerketa bekan: Dina Bilbao, Juanito Urkizu, Jose Mari Naberan, Ondarroa Arraun Elkartearen historia edota Ondarroako futbol atezainak.