Ondarroako Errebalatxikiñeko parkeko zati bat egoitzako egoiliarrek erabiliko dute
Artibai egoitzako egoiliarrak berriz ere kalera ateratzeko aukerarik barik geratu dira COVID-19aren olatu berria dela eta. Horien ongizatean pentsatuz, parkearen herena ixtea erabaki dute.

Errebalatxikiñe parkeko zati bat itxi egin dute, Artibai egoitzako egoiliarrek kanpoan egoteko leku gehiago eduki dezaten. Erabakia martitzenean [azaroak 3] egin zen Koordinazio Mahaian hartu zuten. Ondarroako udal iturriek jakitera eman dutenez, parkearen zati bat hesitu egin dute, egoiliarrek bakarrik erabili ahal izateko. “Parkearen herena itxi da, egoiliarrek oinez egiteko espazio gehiago, aulki batzuk eta berdegunea ere eduki dezaten euren denbora librean”.
Egoitza aurrean ipinita dagoen moduko itxitura bikoitza duen hesia ipini dute parkean ere, bi metroko tartea mantentzeko. Zehaztu dutenez, petriletik aparkalekurainoko tartea hartzen du itxiturak. Parkearen gainontzeko eremuak zabalik jarraitzen duela ohartarazi dute. “Egoiliarrentzako eremua handitzea, baina, aldi berean, parkeak herritarrentzat erabilgarri jarraitzea izan da helburua”.
Iragan martxoan alarma egoera ezarri zenean, egoitza aurreko plaza ixteko erabaki zuen Koordinazio Mahaiak, egoiliarrak atera ezin zirenez, horiek beren espazioa eduki zezaten egoitzatik kanpo ere. “Egoiliarrak berriz ere kalera ateratzeko aukerarik barik geratu dira COVID-19aren olatu berria dela eta, beraz, egoiliarren ongizatean pentsatuz euren eremua handitzea erabaki da. Martxotik euren mugimenduak eta sartu-irtena murriztuta dituzte Artibai egoitzako egoiliarrek. Halako egoeran egonda beraien eskaria bidezkoa dela uste dugu, eta horregatik eta, aho batez, erabaki dugu eremu hori zabaltzea”.
Bisitentzako etxola. Udalak, gainera, osasun etxearen aurrean ipini dituen etxolen antzeko bat ipiniko du egoitza aurreko plazan, egoiliarrek senideen eta hurrekoen bisitak jaso ahal izateko. “Espazio egoki bat izango da bisitek egoitza barrura sartu beharrik ez edukitzeko. Higiene neurri guztiak beteko dira; espazioa aireztatuta egongo da, eta erabilera batetik bestera garbitu egingo dute. Alde batean beiratea izango du, argi gehiago sartu eta bertan batzen direnek errekako ikuspegia edukitzeko”. Udalak modulua erosi egin du. Barikuan [azaroak 6] ailegatuko dela aurreikusten dute, eta epeak betetzen badira, datorren astean erabilgarri egongo da.