Mutrikuko Errietan taldea, estudiora bidean
Zazpi kantu batuta, estudioko lehen lana grabatuko dute AME estudioetan. Aste Santuan egingo duten grabaketa buru-belarri prestatzen hasita daude.

Erritmo biziak, alaiak eta dantzagarriak oso gustuko dituzte Errietan taldeko zazpi lagunek. Duela bi urteko Samikollako jaietan elkartu ziren estreinako. “Jai Batzordeko kide batekin hizketan ari ginela, zera proposatu zigun: taldetxo bat elkartu, eta ea jaietan jotzera animatuko ginatekeen. Proposamena bi aldiz pentsatu gabe onartu, eta animatu egin ginen”. Oholtza gaineko esperientzia taldea sortzeko pizgarria izan zen, eta harrez gero, talde modura jardutea erabaki zuten. “Samikollako jaietan jotzeko batu ginen. Asmoa hori zen berez, baina lehen kontzertu hark izan zuen harrera ona ikusita, erabat motibatu, eta gora etorri ginen”.
Jendea beste toki batzuetatik deitzen hasi zitzaien. Orduz geroztik, eta konfinamendua ezarri arte, plaza handi zein txikiagoetan jotzeko aukera eduki dute. Bertsio talde modura hasi ziren musika munduan ibilbidea egiten. Euskal Herrian sustraitutako kantutegia ez eze, nazioarte mailan ezagunagoak diren kantuak ere jo izan dituzte, ikuslegoaren konplizitatea bilatu asmoz. “Gure ustez, horrek ere asko eragin zuen publiko bat erakartzerako orduan. Alaska y Dinaramaren A quien le importa edo Shakiraren La bicicleta kantuak Etzakit edo Berri Txarraken kanturik ezagunenekin nahastu genitzakeen kontzertu berean”.
Musika lau haizetara zabaltzea oso gustuko dute, eta asmo horri jarraituz, beste pauso bat gehiago eman nahi izan dute, euren kantu propioak ere sortuz. Aurten Mutrikuko Berdel Egunean jo behar zuen taldeak, eta zuzeneko hartan eurek sortutako Nire udaberria kantua estreinatu behar zuten. “Gure asmoa gure lehen kantu propioa bertan aurkeztea zen. Baina danok dakigun arrazoiengatik, Berdel Eguna bertan behera geratu zen. Hori bai, gure asmoarekin aurrera jarraitu, eta kantua Berdel Egunean aurkeztu genuen. Konfinamenduan geundenez, bakoitzak bere etxetik instrumentua hartu eta ahal zuen modura kantua grabatu genuen banan-banan. Dena muntatu, eta agindu modura Berdel Egunean gure kantua eta bideoa Youtube bidez ezagutzera eman genituen”.
Nire udaberria kantuaren atzetik, baina, gehiago etorri ziren. Konfinamenduak iraun zuen aste luzeetan ezin izan ziren elkartu, ezta entsegatu ere, baina hori aukera bihurtzen jakin izan dute mutrikuarrek. “Konfinamenduak nahikoa eragin zigun moralki, baina egoerari buelta ematen jakin genuen. Lehen kantua sortu eta kaleratzeko esperientzia denoi gustatu zitzaigun, eta aurreikusita genituen kontzertuak bertan behera geratu zirenez, momentu horiek sortzeko aprobetxatu genituen”.
Soinu eta estilo propioko zazpi kantu idatzi dituzte azken hilabeteetan, eta horiek plazaratzeko nahiarekin, disko bat kaleratzeko apustu sendoa egin dute. 2021eko Aste Santuan Mutrikuko AME estudioetan sartu eta Axular Arizmendi teknikariaren aginduetara diskoa grabatzeko asmoa dute. “Grabaketara begira kanta lanketa sakonagoarekin hasita gaude. Xehetasun guztiak ondo zaindu nahi ditugu, eta horretarako beharrezkoa dugun denbora hartuko dugu, gauzak ondo eta ganoraz egiteko”.
Gutxienez 4.000 euro behar zituzten ametsa betetzeko, eta hori guztia Internet bidez Itsulapikoa plataforman abiarazitako diru bilketari esker posible izan dela azpimarratu dute. “Dirua benetan maite dugun proiektu batean inbertituko dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure proiektu pertsonal hau aurrera eramatea posible egin duten guztiei. Azken finean, eurei esker goaz diskoa grabatzera”.
Kantuen sorkuntzari dagokionez, denek jarri dute alea; kantuak denen artean osatzen eta fintzen dituztela nabarmendu dute. “Ideiaren muina batzuengandik hasten bada ere, denon artean garatzen dugu”. Sentitzen dutena kantu bihurtuz, askotariko gaiak landu dituzte hitzetan. “Kanta denak gugandik irtendakoak dira; gure bizipenetatik aterakoak dira”. Erritmo aldetik ere oso desberdinak direla esan dute, baina oso mugituak direla aurreratu dute. “Herriko jaietan jotzeko modukoak dira. Bertsioetako gure esentzia jasotzen saiatu gara: Errietan estiloa. Kantu batzuk pop estilotik edaten badute ere, beste batzuk rock estilora gehiago hurbiltzen dira. Gure nahia giroa berotu, eta jendea dantzan ipintzea da. Baina orain momentuan egoera zelan dagoen ikusita, hori egitea gaitz ikusten dugu”.