Angel Aldarondo: "Politena, nire ustez, pertsonaiei benetako nortasuna ematea da"
‘Hondar ahoak’ telesailaren gidoilarietako bat da Angel Aldarondo ondarrutarra; Koldo Almandoz zuzendariagaz batera buruz buru idatzi du ehunka ikusle liluratuta utzi dituen trama.

Gidoiaren ideia originala Koldo Almandozena da.
Koldoren istorioa da muinean, eta nire parte hartzea ere hor dago, baina ez da hain erraza topatzea. Herriko eta Ondarroako nortasuna gehiago erakustea nahiago nuen nik, baina istorioa azkenean Koldok beste era batera garatzea erabaki zuen.
Askotariko lanak egin dituzu errealizadore, editore, animatzaile eta gidoilari modura. Zelan ailegatu zara proiektu honetara?
Aspaldiko lagunak gara Koldo eta biok. Hainbat urte daramatzagu lanean batera.
Gidoia idazteko zenbat denbora behar izan duzue?
Koldok abenduan deitu zidan. Martxoaren hasiera arte batera aritu ginen lanean, eta ostean bakoitza bere aldetik bere bertsioa osatzeko eta amaitzeko geratu ginen; apirilean edo amaituko genuen. Konfinamendu garaian idaztea nahikoa zoramena izan zen, egia esan. Blokeatuta geratu nintzen.
Ezohiko formatua du telesailak. Lau ataletarako gidoia idazterako orduan zer moduz moldatu zarete?
Minisail bat da, baina, egia esan, ohikoa baino film luzeago bat da Hondar Ahoak. Film bategaz duen desberdintasun bakarra da tarteak daudela. Erritmo eta egitura aldetik kapituluka batuta dagoela kontuan eduki behar da. Hor, beraz, kontuan eduki beharrekoa da klimaxa kapitulua amaitu aurretik joan behar dela, ikusmina eragiteko.
“Thrillerraren pistak, susmoak eta istorioaren gako guztiak markatzea izan da zailena”
Hain atal gutxiko telesailak egitea ohikoa da?
Gero eta gehiago ikusten den joera da. Film luze bat egin eta istorio zehatz bat kontatu nahi duzuenean, minisailek horretarako jokoa ematen dute. Jendeak gero eta denbora gutxiago du, eta nire ustez, telesailak gero eta motzagoak egitea bestelako apustu bat da.
Thriller bat euskaraz ikustea ere ez da oso ohikoa. Genero honek zer eskaini dizue istorioa idazterako orduan?
Koldo genero beltzaren oso zalea da, ni ez hainbeste. Genero honi buruzko ezer idatzi barik nengoen orain arte, eta konturatu naiz oso erraza dela; parametro zabalen artean mugitzen den genero bat da, eta beste genero batzuekin nahasteko aukera ere ematen du. Klixez beteta dago, eta erraza da eurekin jolastea. Thrillerra, egia esan, jendeari asko gustatzen zaion genero bat dela konturatu naiz. Hasiera batean nire zalantzak nituen, baina oso dibertigarria izan da. Genero honen ezaugarriak aurrezarrita daude, eta politena, nire ustez, pertsonaiei benetako nortasuna ematea da. Eta kasu honetan, Ondarroako eta kostaldeko nortasun hori ematen saiatu gara. Hori oso aberatsa da, eta oso erakargarria. Ez da bakarrik detektibearen klixea lantzen, eta hori apurtzera joan gara; lan egiterako orduan ikaragarria da.
Zer izan da gaitzena suspentseko istorioa sortzerako orduan. Istorioa, pertsonaiak, elkarrizketak…
Pertsonaiek, esaterako, oso erraz irten dute, Koldok bere memorian ondo landuta zituen eta. Elkarrizketei dagokienez, nik luzeagoak izaten nahi nuen, literatura gehiagogaz, baina azkenean motzagoak izan dira, isilagoak. Isilagoa den aldetik, gure nortasuna ere ez da agertzen modu argi batean. Izan ere, hemengo jendea ez da isila. Portuan dagoen zarata eta jendea, esaterako, moteldu egin dira, Eskandinaviako thrillerretako izaera, giroa eta atmosfera ere horrelakoa delako. Thrillerraren pistak, susmoak eta istorioaren gako guztiak markatzea izan da zailena. Kontu handiagaz ibili behar izan gara pertsonaia bakoitzak zer esaten duen, eta hori non, zeini eta zelan esaten dion, ikuslearen arreta mantendu eta ezer ez argitzeko. Puzzle hori sortzeak nahikoa burukomin eman digu.
“Istoria herri arrantzale batean girotua izan behar zela argi zuen”
Fikziozko istorio bat eraman duzue pantaila aurrera, baina izen erreal asko ere mantendu dituzue.
Izenen kontua, esaterako, ez nuen horrela egitea nahi gertuko jendea haserretu ez zedin. Baina herriko jendeari omenaldi polit bat egiten zaiola uste dut.
Hizkuntza aldetik ere oso aberatsa da, euskalkiz betea. Zerbait bereziagatik?
Dena ezin genuen ondarrutarrez grabatu, euskaldun berri batek ez lukeelako ulertuko. Eta dena euskara batuan eginda ere, nahikoa artifizial geratuko zen.
Istorioa Ondarroa moduko herri batean girotzeak ze pisu eduki du?
Koldok argi zuen hasieratik. Ondarroagaz maitemindu egin zen, eta istoria herri arrantzale batean girotuta egon behar zela argi zuen.
Arrakasta handiagaz estreinatu da telesaila; askoren ahotan dago. Zelakoa izan da hori zuentzat?
Harrituta gaude izan duen erantzunagaz, baina bageniekin produktu ezohiko bat zela ETBrentzat, eta horrek askoren arreta deituko zuela.
Ikusle askok Eskandinaviako telesailekin ere alderatu dute Hondar Ahoak. Paralelotasun asko daudela diote.
Koldoren erreferientzia asko Eskandinaviakoak ziren. Nireak, ostera, bestelakoak izan dira. Hurreratu zaidan jende askok The Killing edo Bron dirudiela esan dit. Genero honetako istorioek sekulako itxura dute euren artean, izan ere, parametro zehatz batzuk jarraitzen dituzte; pertsonaiak, egoerak eta gertakizunak nahikoa antzerakoak izaten dira.