Kalean abandonatutako ibilgailuak kentzen hasi dira Ondarroan
Udaltzainek hiru auto eta moto bat kendu dituzte gaur bide publikotik. Alkateak ohartarazi duenez, uste baino abandonatutako ibilgailu gehiago dago herrian beste batzuei tokia kentzen.
Abandonatutako ibilgailuak kentzeko doako zerbitzu berria gaur [azaroak 13] hasi da abian Ondarroan. Udal iturriek azaldu dutenez, udaltzainek hiru auto eta moto bat kendu dituzte Zaldupe atzetik, portu ingurutik eta Ibaiondotik. “Datorren astean beste lau ibilgailu kenduko dituzte”.
Zerbitzuaren helburua abandonatutako ibilgailuak bide publikoetatik kentzea dela gogorarazi dute. Horretarako, abandonatuta dauden autoen eta motorren jabeek Udaltzaingora jo eta doako zerbitzua eskatu beharko dute. “Beharrezko paperak zeintzuk diren esango diogu, eta giltzak guri eman ostean, guk kudeatuko ditugu ibilgailua txartartegira eramateko izapideak”. Zerbitzua erabili nahi dutenek honakoak eraman beharko dituzte: zirkulazio baimena, IATaren ziurtagiria, ibilgailuaren titularraren NAN kopia eta ibilgailuaren giltz guztiak”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak ohartarazi duenez, uste baino abandonatutako ibilgailu gehiago dago herrian beste ibilgailu batzuei lekua kentzen. “Badakigu herrian aparkatzea arazoa dela gaur egun. Horregatik, arazo horri irtenbidea emateko neurrietako bat da zerbitzu hau”. Ildo beretik, arazoari irtenbidea emateko lanean ari direla azpimarratu du. Besteak beste, Zaldupe atzeko aparkalekua egokituko dute, 150 bat ibilgailurentzako aparkalekua sortuz. “2021ean Itsasaurreko aparkalekuaren bideragarritasun azterketa egiteko kontratua esleitzea ere aurreikusten dugu”.