Hiru positibo gehiago erregistratu dituzte Oizpe egoitzan
Egoitzan egindako baheketan 18 egoiliarrek positibo eman dutela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur [azaroak 16] ezagutara eman dituen datuen arabera, Munitibarko Oizpe egoitzan egindako baheketan 18 egoiliarrek positibo eman dute; lurraldean intzidentzia tasarik handiena duen hirugarren zentroa da. Hala, aurreko eguenean [azaroak 12] emandako datuekin alderatuta, beste 3 egoiliar gehiago daude koronabirusagaz kutsatuta Oizpen; 15 kasu baieztatu zituzten orduan.
Bizkaiko adinekoen egoitza zentroen sareko egoerari dagokionez, 114 egoiliar daude positibo emanda lurraldeko honako 12 egoitzatan: Bilboko Anai Cantero IIan (21), Karrantzako Nuestra Señora de los Desamparados (18), Munitibarko Oizpen (18), Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa (17), Mirafloresko Domus VIn (12), Bilboko Olimpian (9), Bilboko Indautxu Gurenan (7), Portugaleteko Aspaldikon (6), Bilboko Conde Arestin (2), Bilboko Begoñako Aman (2), Durangoko Joxe Miel Barandiaranen (1) eta Gamiz-Fikako Aitzean (1).
Azken orduetan positibo eman duten erabiltzaileetatik 22 ospitaleratuta daude eta egoitzetako 102 langilek ere positibo eman dute. “COVID-19a baieztatu barik dauden 80 langile isolatuta daude”. Aldundiaren hitzetan, pertsona bat hil da azken orduetan, eta 9 egoiliarrek gainditu dute gaitza.