Herrialde sahararrak jasandako azken erasoa gaitzetsi dute Ondarroan
Dozenaka herritarrek bat egin dute 'Saharar herriarekin elkartasuna! Zuekin gaude!' lelopean egindako mobilizazioagaz.
Azken egunotan Mendebaldeko Saharan jazo diren gertaerak salatzeko elkarretaratzea egin dute Ondarroan. Yaalah elkarteak deituta, dozenaka herritar batu ziren domeka [azaroak 15] eguerdian Alamedan egindako protestan. Saharar herriarekin elkartasuna! Zuekin gaude! lelopean egindako mobilizazioagaz, Saharar herriari elkartasuna agertu nahi izan zioten.
Yaalahko kideek azaldu dutenez, barikuan [azaroak 13] Marokoko soldaduek Guergeraten zibilez jantzita protestan ari ziren sahararrak erasotu zituzten. Gertaerak Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsioa areagotu du. Izan ere, Fronte Polisarioak borroka armatua berrartu du eraso militarrari erantzuteko. “Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko gobernuak gerra egoera deklaratu du, eta herriaren askatasun eskubide zilegiak armekin defendatuko dituztela aldarrikatu”. Salatu dutenez, Marokoko armadak burututako eraso armatuak 1991n adostutako su eten akordioa “zuzenean” urratu du.
Yaalah elkarteko kideek martxan dagoen gatazka armatua kezkaz jarraituko dutela esan dute. “Behar bezain bestetan eta modu ezberdinetan herri sahararrari elkartasuna adierazten saiatuko gara. Gatazka konpontzeko aukera bakarra sahararrei dagokien autodeterminazio eskubidea onartzean datza. Sahararrek helburuak lortzeko hartutako bide zilegiak babesten ditugu eta momentu zail honetan elkartasuna adieraztea dagokigu”.