Elkarbizitza eta kulturartekotasun mahaia eratzeko prozesua hasi dute Mutrikun
Hamabi laguneko talde bat kultur artekotasun mahaia eratzeko lehen urratsak ematen hasi da. Azaroaren 6an egin zuten lehen saioa; hurrengoak azaroaren 20an eta abenduaren 4an egingo dituzte.
Iraganean hasitako lanketari berriro ekinez, eta herri abegikorra eta inklusiboa eraikitzeko bidean, elkarbizitza eta kultur artekotasun mahaia eratzeko parte hartze prozesua abiarazi du Mutrikuko Udalaren Ongizate Sailak. Azpimarratu dutenez, aurretik egindako balioan jarri, eta abiapuntu horretatik abiatuta herriko elkarbizitza eta kultur artekotasunaren oraina eta etorkizuna lantzeko urrats berriak landu nahi dituzte parte hartze prozesu berriarekin.
Parte hartze prozesuaren baitako lehen saioa azaroaren 6an egin zuten udaletxeko bilkura aretoan. Hurrengo bi saioak azaroaren 20rako eta abenduaren 4rako iragarri dituzte. “Hamabi bat laguneko talde bat ari da parte hartzen kultur artekotasun mahaia eratzeko lehen zati honetan. Koronabirusa dela eta, era mugatuan eman behar izan dira lehen urrats hauek. Eraketa prozesua aurrera doan heinean, lanketa era zabalagoan egingo dugu”.
Zehaztu dutenez, 2009. urtean hasi zen udala gaiari buruzko lanketa egiten. Herrian bizi ziren pertsona migratuei buruzko diagnostikoa egin zuten, eta urtebete beranduago Migrazio Plana aurkeztu zuten. 2010eko plana abiapuntutzat hartuta, 2013an Elkarbizitza sustatzeko parte hartze prozesua ipini zuten abian eta 2014an, aldiz, Harrera protokoloa landu zuten. “Aurrekari horiei jarraipena emateko helburuarekin eta migratuen ongizatea bermatu nahi izate horrekin, Mutrikuko Udalak pausoak ematen jarraitu nahi du. Urteetan eginiko lanketa kultur artekotasun mahai honekin suspertuko da”.