Kirmen Uribe: "The New Yorker-rek nire poema bat argitaratzea euskarari zabalkundea ematea da"
'Emakumeak fabrikatik bueltan' poemaren errezitaldia aldizkariaren webgunean euskaraz entzun ahal den estreinako edukia da.
Kirmen Uribek iaz argitaratutako 17 segundo poema liburuan jasotako Emakumeak fabrikatik bueltan olerkia argitaratuko du The New Yorker mundu mailan ezaguna den aldizkariak. Ondarrutarra aldizkarian poema bat argitaratu duen euskal egile bakarra da. Aldizkarian zerbait argitaratzen dioten bigarren aldia da oraingoa. Izan ere, 2003an, Maiatza poemaren itzulpena ere argitaratu zuten.
Astelehenean [azaroak 23] argitaratuko dute ingelesera itzuli duten poema paperezko edizioan, baina aldizkariaren webgunean ingelesezko itzulpenari laguntzen dioten euskarazko eta ingelesezko errezitaldia entzun daiteke; idazle ondarrutarrak berak eta poema itzuli duen Elizabeth McKlin itzultzaileak ipini diote ahotsa. Errezitaldia, beraz, aldizkariaren webgunean entzun ahal den estreinako euskarazko edukia bihurtu da.
Mundu mailan pisu handia duen aldizkari batean berriro ere poema bat atera ahal izatea pozgarria dela azpimarratu du. “Amets bat bete da, baina nahiko nuke amets hori euskaldun guztiona izatea, ez nirea bakarrik. Nire helburua beti izan da euskarari zabalkundea ematea, eta bide horretan hau beste pauso txiki bat da. Mundu guztiko egileek bertan argitaratzeko nahia izaten dute, eta oso zaila da bertan zerbait argitaratzea. Aurretik ere banuen beste poema bat bertan argitaratuta, hemen ere baditut liburuak argitaratuta ere horrek ere lagundu duela uste dut”.