Ondarroako Musika Plaza aparkaleku modura erabili ahal izango da
Azaroaren 19tik aurrera zabalik egongo da aparkatzeko espazio berria. Astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:00etara, aparkatu ahal izango da.
Ondarroako Musika Plazan ibilgailuak aparkatzeko aukera egongo da eguenetik [azaroak 19] aurrera. Zehaztu dutenez, astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:00etara erabili ahal izango da espazioa. Hori bai, 14:00etarako hustu egin beharko dela ohartarazi dute. “08:00etan udaltzainek plazarako sarrera zabalduko dute eta 14:00etarako ibilgailu guztiek kanpoan egon beharko dute. Plaza itxi egingo dute plaza ostera ere oinezkoen gune bihurtzeko”. Gogorarazi dutenez, hileta elizkizunetarako ere zabalik egongo plaza; orain arteko funtzionamendu bera jarraituko dute.
Neurri berriaren helburua, batez ere, goizetan herrian egoten den aparkatzeko arazoari irtenbide bat ematea dela azpimarratu dute. “Bai herrigunera autoan datozen ondarrutarrentzat, inguruetatik zereginetara datozenentzat eta baita banaketa lanak egiten dihardutenentzat ere”.