Azken hiru egunetan 21 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Barikutik domekara [azaroak 20-21-22] bitartean ondoko herrietan erregistratu dituzte positibo berriak: Ondarroa (9), Lekeitio (4), Berriatua (3), Mutriku (2), Markina-Xemein (1), Mendexa (1) eta Munitibar (1). Ondarroa berriro gune gorrian egotera pasa da, Mutriku eta Lekeitiorekin batera. Joan den aste osoan 70 kasu atzeman zituzten Lea-Artibain eta Mutrikun.
Azken hiru egunetan [azaroak 20-21-22] COVID-19arekin kutsatutako 21 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Hemen herriz herriko zerrenda:
- Ondarroa: 9 (8 barikuan eta 1 zapatuan).
- Lekeitio: 4 (2 barikuan eta 2 domekan).
- Berriatua: 3 (2 barikuan eta 1 zapatuan).
- Mutriku: 2 (2 domekan).
- Markina-Xemein: 1 (1 barikuan).
- Mendexa: 1 (1 barikuan).
- Munitibar: 1 (1 zapatuan).
Azken egunotako datuak jasota, ostera, gune gorriko udalerrien zerrendan sartu dute berriro ere Ondarroa; 100.000 biztanleko 523,86eko tasa dauka. Mutrikuk eta Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen dute; 881,14ko tasa dauka Mutrikuk eta 579,63koa Lekeitiok.
Azken egunetako datuak jasota, joan den aste osoan [azaroaren 16tik 22ra] Lea-Artibain eta Mutrikun 70 positibo erregistratu zituzten; aurreko astean baino %30 gutxiago. Ondarroan atzeman dituzte kasu gehien:
- Ondarroa: 27
- Lekeitio: 17
- Mutriku: 16
- Berriatua: 3
- Munitibar: 3
- Markina-Xemein: 2
- Mendexa: 2
Datu horiek guztiak kontuan hartuta, joan den astean eskualdeko sei herritan ez zituzten COVID-19 kasurik atzeman: Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster eta Ziortza-Bolibar.
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak domekan [azaroak 22] eman zituen datuen arabera, Munitibarko Oizpe egoitzako 16 egoiliarrek positibo eman dute. Lurraldean intzidentzia tasarik handiena duen bosgarren zentroa da.
Lurraldeka. Azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 30.193 proba egin dituzte (23.915 PCR eta 6.278 serologiko). Horietatik 2.007 positibo erregistratu dituzte (%6,7); 1.288 positibo PCR probetan erregistratu zituzten, eta 719 serologikoetan. Lurraldeka, Bizkaian erregistratu dituzte kasu gehienak (906); Gipuzkoan 870 erregistratu dituzte, eta 209 Araban. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 22 kasu gehitu behar zaizkie.