COVID-19aren aurkako txertoa osasun etxeetan hartu ahalko dela iragarri du Sanchezek
Osasun Sistema Nazionaleko 13.000 puntutan banatuko dute txertoa. Kanpaina urtarrilean hastea espero du gobernuak.
Pedro Sanchez presidenteak COVID-19aren aurkako txertaketa estrategiari buruzko lehen zertzeladen berri eman zuen domekan [azaroak 22]. Jakinarazi zuenez, urtarrilean jendea txertatzen hasteko asmoa dute. “Gobernuaren asmoa da txertaketa prozesua datorren urtarrilean hastea, eta biztanleriaren zati handi bat 2021eko lehen seihilekoan txertatuta egon ahal izatea, berme guztiekin”. Espainiako Osasun Sistema Nazionalak txertoaren banaketa osasun zentroen bidez bermatuko duela ere iragarri zuen; zehazki, 13.000 txertaketa puntutan. Plana ofizialki martitzenean [azaroak 24] aurkeztuko dute eta Ministroen Kontseiluan onartzea espero dute.
Hain zuzen ere, 30 milioi herritarri txertoa jarteko asmoa du Madrilek. Txertoa jartzerako orduan lehentasuna izango dutenak zeintzuk izango diren erabakitzeko dago oraindik. Baina Espainiako gobernuburuak ziurtatu duenez, herritarrek “erabateko eskuragarritasuna” izango dute. Horretarako, txertaketa estrategia bateratu bakarra adostuko dute. Diziplina anitzeko aditu talde batek diseinatuko du estrategia. Autonomia erkidegoetako, lurralde arteko kontseiluko eta bioetikako adituek osatuko dute lantaldea.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, bere aldetik, txertatzea ez dela derrigorrezkoa izango gogorarazi du. Herritarrak behartzea legez egin dezaketela esan du, baina ohartarazi duenez, ez dute horrela egingo. Derrigortasuna saihestuz gero herritarren artean “oso erantzun maila altua” egongo dela uste du. Ministroak espero du urte erdialderako 30 bat milioi herritar txertatuta egotea. Hau da, biztanleriaren %70, gutxi gorabehera. “Ez dakit helduko garen. Ziurrena populazioaren erdira iritsiko gara”.
Astrazenecaren txertoa. Astrazeneca botika etxeak, bestalde, Oxfordeko Unibertsitateagaz batera garatzen ari den txertoak %70,4ko eraginkortasuna duela jakinarazi du gaur [azaroak 22]. “Dosi egokia” jarrita %90eko eraginkortasuna ere baduela nabarmendu dute. Pfizer eta Moderna konpainiek egindako txertoak baino eraginkortasun gutxiago badu ere, merkeagoa eta mantentzeko errazagoa dela azpimarratu dute.
Astrazenecak esan du beraiek lantzen ari diren txertoa garraiatzeko eta gordetzeko erosoa dela, ez baitu hotz handirik eskatzen. Ohartarazi dutenez, “adin tarte” desberdinak babesteko ere balio du.