Auzo batzarrak Internet bidez egingo dituzte Mutrikun
Guztira, lau batzar egingo dituzte Youtubeko 'Mutriku Udala' kanalaren bidez. Auzotarren kexak eta iradokizunak lehen pertsonan jasotzeko asmoz, eskuorriak ere banatuko dituzte etxez etxe. Erantzunak herrian ipiniko dituzten sei buzoitan jasoko dituzte.
COVID-19ak sorturiko osasun larrialdi egoera dela eta, auzoz auzo egin ohi diren batzarrak formatu eraberrituan egingo dituzte aurten Mutrikun. Hain zuzen ere, Internet bidez egingo dituzte batzarrak, Youtubeko Mutriku Udala kanalaren bidez. “Udalak auzoetako beharrak, kexak eta iradokizunak lehen pertsonan jaso ohi ditu. Udalarentzat oso garrantzitsuak dira auzoetako galdera eta erreguak, bertan bizi diren auzolagunek baino hobeto inork ez baitu ezagutzen auzoaren errealitatea. Bilerak aurrera eramateko modua aldatu behar izan bada ere, helburu berdinari jarraituko diote”.
Azpimarratu dutenez, modu analogikoa eta digitala uztartzen dituen formatu bat erabiliko dute, herritar guztien beharrak entzun ahal izateko. “Digitalki bakarrik egiteak mutrikuar asko alde batera uztea ekarriko luke. Guztien ahotsa entzutea ezinbestekoa da udalarentzat”. Hori horrela, herritarrek auzo batzarrei buruzko eskuorri bat jasoko dute datozen egunetan etxeetan. Batzarrei buruzko informazioaz gain, orrialde betegarri bat ere badu eskuorriak, bertan herritarren iritzi, kexa edo iradokizunak idazteko aukera egongo da.
Betetako eskuorriak herrian banatuta egongo diren sei buzoitan jasoko dituzte. Honako tokietan ipiniko dituzte buzoiak: udaletxean, turismo bulegoan, liburutegian, Merkatu Plazan, Anaiarte Biltokian eta kiroldegian. “Udalak eskari edo galdera horiei Youtube bidez erantzungo die. Kanpoaldean bizi direnek, berrogeialdian daudenek edo beste edozein arazorengatik eskuorriak buzoan utzi ezin dutenek komunikazioa@mutriku.net posta elektronikora idatzi ahal izango dute; beren egoerari ere irtenbideren bat eskainiko zaie. Era berean, batzarra egingo den egunean Youtubeko zuzeneko solasgunean ere luzatu ahalko dira kexak, iradokizunak edo galderak”.
Udal iturriek nabarmendu duenez, eskuorrietan jasotako kexa, iradokizuna eta galderei erantzuna ematen saiatuko dira antolatu dituzten lau auzo batzarretan. Aurreratu dutenez, 19:00etan hasiko dira batzar telematikoak. Honako egunetan egingo dituzte:
- Abenduak 1. Pikupe eta Urazamendi.
- Abenduak 3. Landa eremuak.
- Abenduak 15. Lehen gunea: Goiko Plaza, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kalea, Atxitxin aldapa, Beheko Plaza, Barrenkale, Ipar kale, San Gil, Frontoiko aldapa, Sabanika, Azkiaga, Tranpa kale, Nasa kalea, Piñastegi, Burumendi eta Ibirriaga.
- Abenduak 17. Bigarren gunea: Domingo Ibaibarriaga, Jose Antonio Ezeiza, Lehendakari Agirre, Madalena, San Miguel, Almirante Gaztañeta, Jose Maria Alzibar, Kanteratzea, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Samikolla, Isabel Lobiano eta Olatz bidea.