Kirmen Uribe: "Kontatzea pentsatuta neuzkan istorio batzuk hasierako bertsioan ez nituen sartu"
‘Bilbao-New York-Bilbao’ eleberri ezagunaren edizio berritua argitaratu du Elkarrek. Berrargiltapenak Uribek idatzitako hitzaurrea, gehitutako pasarte batzuk eta irakurketa gida bat jasotzen ditu.
Bilbao-New York-Bilbao nobela sarituaren edizio berritua aurkeztu du gaur [azaroak 24] Kirmen Uribek. 2008an argitaratu zuten estreinako nobela, eta orain, hamabi urte beranduago, testu osatuago eta gaurkotuago bategaz aurkeztu du berralgitalpena Elkarrek. Berrargitalpenak aurrekoagaz alderatuta, 50 orri gehiago dauzka. Uribek idatzitako hitzaurrea, gehitutako pasarte batzuk eta Ana Arregik egindako irakurketa gida bat ere jasotzen ditu.
Egileak azaldu duenez, aldaketak liburua argitaratu eta gutxira egin zizkion; bigarren orrazialdi bat dela azpimarratu du. “Atzera ere berridatzi egin nuen liburua. Konturatu nintzen, batez ere, bigarren zatian falta zirela gauza batzuk. Kontatzea pentsatuta neuzkan istorio batzuk hasierako bertsioan ez nituen sartu, eta bigarrenean erabaki nuen horiek ere sartzea. Bertsio hori erabili izan dute, hain zuzen ere, itzulpenak egiteko. Elkarrekoei bigarren bertsio hori erakusteko proposamena egin nien. Izan ere, mundu guztian bigarren bertsio hau irakurtzen ari dira, baina euskaldunok jatorrizkoagaz jarraitzen genuen”.
Irakurketa gidaren garrantzia ere nabarmendu du. “Liburuaren nondik norako guztiak azaltzen dira bertan. Galdera batzuk ere badatoz. Horiek galderok irakurketa klubetan, ikastetxeetan edota unibertsitateetan liburua irakurri eta elkarrizketa sortzeko sartu ditugu”.
Mintegia sailean euskal literaturaren historian esanguratsuak izan diren liburuen berrirakurketak argitaratuko dituzte
Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren edizio berritua, gainera, Elkar argitaletxeak ireki duen Mintegia sail berriko lehen obra izango da. Uribe pozik agertu da bilduma bere obrak irekiko duelako. “Ikusten da liburua bizirik dagoela; urteekin zahartu beharrean gaztetu egin da. Argitaratu nuenean, beharbada, arinegi zen jendearentzako. Irakurlea ez zegoen ohituta mota honetako nobeletara. Urteekin ikusi da nazioartean ere horrelako liburuak ere idatzi egiten direla”.
Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, edizio lerro berri horren barruan euskal literaturaren historian esanguratsuak izan diren liburuen berrirakurketak argitaratuko dituzte, kasuan kasuan, hitzaurre, azterketa edota gogoeta eta eztabaidarako materialarekin. Gaineratu duenez, “mugarri” zelakoan hautatu dute ondarrutarren obra. “Bilbao-New York-Bilbao euskal kultura nazioarteratzeko bidean bide hausle eta bide egile izan dela uste dut”.