Juan Mari Elu: "Euskaraldia moduko ariketei esker euskara indartzea lortzen dugu"
Juan Mari Elu euskaldun zaharra da. Bigarren Euskaraldiak iraungo duen hamabost egunetan Ahobizi izateko konpromisoa hartu du ondarrutarrak. Bigarrenez ari da parte hartzen ariketa sozialean.
Ahobizi txapa daramazu soinean egunotan.
Aurreko Euskaraldian egin modura, oraingoan ere Ahobizi rola aukeratu dut. Euskaldun zaharra naiz, eta nire egunerokoa euskaraz bizi dut; horregatik aukeratu dut Ahobizi rola ere. Baina orain dakidana jakinez gero, beharbada, komenigarriagoa izango zen Belarriprest rola hartzea. Izan ere, Ahobizi rola euskal zaharrekin edo euskaraz ondo dakitenekin lotzeko ohitura dago, eta hori ez da horrela. Azken batean, jarrera kontua da.
Zerk motibatuta erabaki duzu aurtengo Euskaraldian ere parte hartzea?
Azken batean euskararen alde geuk zer edo zer ez badugu egiten, nekez egingo dute beste batzuek. Ondarroa moduko herri euskaldun batean Euskaraldia egiteko hainbesteko premiarik ez du ikusiko askok. Jendeak pentsatzen du euskaraz bizi garela denok. Euskaraldia moduko ariketei esker euskara indartzea lortzen dugu.
Egunotan zer helburu bestetzea gustatuko litzaizuke?
Normalean euskaraz berba egiten ez duen bateren bat euskaraz egitera animatu eta berba egitea gustatuko litzaidake. Horregaz pozik geratuko nintzateke. Batzuek sakada bat ematea behar dute, eta Euskaraldia moduko ariketekin hori sustatu daitekeela uste dut.
Euskaraldiko txapak hori erraztuko dizula uste duzu?
Nik pentsatzen dut txapak lagundu egiten duela. Txapa daraman bat erraz identifikatzen da, baina nire aldetik txaparik ez dutenekin ere egingo dut ariketa.
Askok diote gaztelaniaz erantzuten dieten Belarriprestei euskaraz erantzutea gaitza egiten zaiela. Zelako esperientzia izan duzu orain arte?
Denetarik egon da. Batzuekin errazagoa lortzen duzu euskaraz egitea, eta beste batzuekin, gehiago kostatzen da. Momentu eta egoera batzuetan, ostera, errazagoa da errie ematea. Hori bai, nire helburua da lehen berba euskaraz egitea. Ez ariketak iraungo duen hamabost egunetan bakarrik, baizik eta gainontzeko egunetan ere bai. Horretan ahalegin berezia egingo dut.
Egunerokoan zelan bizi duzu euskara?
Euskaraz bizi naiz, eta niretzako egunerokoan euskaraz egitea da normalena.
Euskaraz jakin eta egiten ez dutenei, zer esango zenieke?
Ondarroa moduko herri euskaldun baten euskaraz egiten ez duenak ez duelako nahi da. Euskararekiko tenkadarik ez dute. Egia esan, ez dakit zer egin daitekeen hori jendeori euskarara gerturatzeko, baina Euskaraldia eta antzeko egitasmoetan parte hartzera animatzea hasiera ona izango litzatekeela uste dut.