'Nola gorde errautsa kolkoan' poema liburua aurkeztu du Miren Agur Meabek
Argitalpen berria XV. eta XVI. mendeko flandriar eskolako triptiko baten tankerako zerbait dela dio Meabek. Poema bilduma berria jauregi bateko galerien edo klaustroaren moduan irudikatu du.
Baziren hamar urte Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) ez zuela poema libururik argitaratzen. 2010ean eman zuen Bitsa eskuetan, eta Azalaren kodea 2000n. Baina, hamar urtetik behineko kadentzia horrekin baino gehiago, Kristalezko begi bat nobelarekin eta Hezurren erretura narrazio sortarekin lotu du Meabek berak bere lan berria: Nola gorde errautsa kolkoan —Susarekin eman du, aipatutako besteak bezala—. «Hiru lanok triptiko bat osatzen dute», azpimarratu du.
XV. eta XVI. mendeko flandriar eskolako triptiko baten tankerako zerbait, zurezkoa beharrean hitzezkoa, hiru ohol ondu eta loturekin. «Ohol bakoitza beregaina da, baina beste bien konpainian osatua. Edonola ere, alboko hegalak higikorrak dira, eta, kaxa baten moduan ixten direnean, hiru zatiek elkar babesten dute, batasuna eratuz». Aurkeztu berri duen poema sortak, bada, «lotura nabarmenak» ditu beste bi oholekin. Aurrekoetan bezala, hirugarren piezan ere tesi honi eutsi dio Meabek: «Biografia orok igortzen du izpiren bat. Edozein bizitza birbaliotu daiteke literatur tratamenduaren bitartez». Hala, poema bilduma berria jauregi bateko galerien edo klaustroaren moduan irudikatu du, «emakume mordoa kontu kontari, kandela piztuak eskuan» bertan paseoan dabilela.
Baratzearekin ere alderatu du triptikoa: «Orain dela zazpi urte, Kristalezko begi bat nobelan, baratzea lantzearekin konparatu zuen idazkuntza. Baina baratzea lantzeak garbitzea ere eskatzen du, sasiak erretzea, eta horren isla izan zen Hezurren erretura. Azkenik, zerbait egin beharra egoten da su metak utzitako errautsekin». Horixe litzateke Nola gorde errautsa kolkoan: bere sormena ongarritzeko lehengaia. «‘Nola gorde errautsa kolkoan’ esatea eta ‘bizitza kudeatu’ esatea gauza bera da», azpimarratu du egileak.
Errima beste batzuetan baino markatuago dator, gainera. Eta, triptiko bat izanik, «lerro plastiko bat» dauka, nola ez, poema sorta osoa zeharkatuz
Meabek sei ataletan egituratu du liburua, eta, seion sarrera gisa, poema bat paratu du: Metodoa. Poema horretan, behin eta berriz errepikatzen da galdera, salmodia batean bezala: «Nola gorde errautsak kolkoan…». Metodoa poemaren goiburuan, Meaberen esanetan «liburuaren oinarrizko filosofiaren laburpena» den Eloy Sanchez Rosillo poetaren aipu hau ageri da: «Aldi berean arnasten ditugu argia eta errautsa./ Hasiera eta amaiera oinaztu berean bizi dira».
Miren Agur Meabek azken hamar urteetan idatzitako poema bilduman, aniztasun formala agerikoa da. «Aniztasun horren barruan, bizikidetza lasaian daude bai estilizazioa, bai barrokismoa, bai abstrakzioa. Poema postalak, poema teselak, haikuak, kantak, kontaerak daude». Errima beste batzuetan baino markatuago dator, gainera. Eta, triptiko bat izanik, «lerro plastiko bat» dauka, nola ez, poema sorta osoa zeharkatuz.
Lerro horren osagarri, Meaberen literaturan lehendik ere ezaguna den sinbologia aurki daiteke: «Tximeletak agertzen dira, aurreko liburuetan legez, metamorfosiaren arketipoa direlako. Palmondoa ere agertzen da; agertzen dira txoriak; agertzen da katua». Eta agertzen da intertestualitatea.