Josu Zeberio Uribe: "Garrantzitsuena ez da zer ikusten dugun, zer igartzen dugun baino"
Duela hamar urte murgildu zen ondarrutarra espeleogia munduan. Hainbat taldetan ibili ostean, gaur egun, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteko Espeleologia Taldeko kideetako bat da.
Olazko Kobeta leize ezagunean luze diharduzue lanean. Zer aurkikuntza egin dituzue?
Aranzadi Zientzia Elkartekoek lehengo aldiz Kobetara sartu zirenean, 500 metro esploratu ahal izan zituzten. Leizarpeko kideek, gero, 1998an sartu zirenean, 1,1 kilometro esploratu zituzten. Iaz hasi ginen lanean, eta gaur egun, 3,3 kilometrora arte esploratzea lortu dugu, eta gure asmoa garapen hori handitzea da. Nik uste dut 4 kilometrotara ere helduko garela denbora gutxian. Azken batean, aurrekoek egindakoa egiten jarraitu dugu: sartu eta lana egin. Lanean hasi ginenean, gainera, sarrera bakarra zuen.
Zelan aurkitu zenuten?
Leizearen 3D topografia egin genuen. Kobetako sarrera originaletik sartu, eta 100 bat metro jaitsi ostean, erreka batera arte ailegatzen zara. Erreka igotzen hasi, eta Leizarpek bere garaian Erraldoien gela deiturikora ailegatzen zara. Sabaiak 50 metro baino gehiago izango ditu. Sabaian zer edo zer bazegoela iruditu zitzaigun, baina toki hori ez zegoen guretzat eskuragarri, eskalatu egin behar zen eta. Hala eta guztiz ere, 3D-n egindago topografia GIS teknologiagaz lortutako mapa Olazko Aitzbeltz mendiaren geruzaren gainean jarri genuen programa berezi bati esker. Erraldoien gela non kokatuta egon zitekeen ikusi genuen, eta konturatu ginen leize barrutik sumatutako puntu hori gainazaletik 10 bat metrora zegoela. Konfinamendua amaitu zenean, mapak adierazitako lekura joan ginen, eta harri tarte batean haize korronte handi bat zuen zulo txiki bat aurkitu genuen. Haize korronte horiek hor behean kobazulo handi bat egotearen sintoma bat izaten dira. Gunea hondeatzen eta garbitzen hasi ginen, eta gaur egun sarrera horretatik sartzen gara Kobetara.
Eta aurkikuntza horrek zer garrantzi dauka?
Leize batek bi sarrera dituen unean sistema bat bihurtzen da, eta hori guretzako talde modura garrantzitsua izan da.
Bigarren sarreraz gain, Kobeta sisteman gela gehiago ere aurkitu dituzue, ezta?
Taldearen helburua da aurretik inguru horretan aztertzen ibili ziren taldeek aurkitu zutena guk ondo ezagutzea. Koba eta leizeetara egiten dugun sarrera bakoitzean arreta deitzen diguten gauza guztiak oharretan jasotzen joan gara, eta ostean, horietako bakoitza era sakonago batean lantzera bueltatu izan gara, dagokion ekipamenduagaz. Arreta deitu ziguten puntu horiek aztertzen joan ahala, gela berriak aurkitu ahal izan ditugu. Euretako batek, gainera, kilometro bat baino gehiago dauka; oso interesgarria da.
“Kobeta beste zulo batzuk baino txikiagoa baldin bada ere, oso aberatsa da. Pribilegiatu batzuk sentitzen gara”
Zer zentzutan?
Barruan gaudenean garrantzitsuena ez da zer ikusten dugun, zer igartzen dugun baino. Haizea da elementurik garrantzitsuena. Haize korronteek, hain zuzen, adierazten duten bolumena dagoela. Hau da, kobazuloak jarraitu egiten duela. Kobeta sisteman, esaterako, kilometro bat baino gehiago duen gelaren alboan, bloke tarte batean beste toki interesgarri bat ere aurkitu genuen. Beste erreka bat aurkitu dugu, eta gure susmoa da Arno azpitik datorrela. Erreka hori nondik datorren ikertu nahian, laku bat ere aurkitu dugu; leku horretan sekulako haize korrontea dago. Aitzbeltz azpian 3,4 kilometroko sistema bat baldin badago, eta erreka hori Arnotik baldin badator, etorkizunean zerregaz aurkitu gaitezkeen galdetzen diogu geure buruari. Hor leku potentzial bat egon daitekeela uste dugu.
Zelakoak dira aurkitu dituzuen gela horiek?
Horietako bat oso polita da. Izarren gela deitzen diogu. Ozta-ozta kabitzen nintzen tximinia batetik atera, eta kaltzifikatutako estalaktitaz beteriko gela batean irten nuen. Nire atzetik zetorrenak, behetik begiratzen ari zela gelaren sabaia ikusten zuen, eta argi fokuagaz argitu zuenean, haren islek izarrak ziruditen. Gela oso berezia da, estalaktita eta estalagmitaz betetakoa; tartean, hiru metrokoak ere badaude. Kanpoko jendea Kobetara etortzen denean, harrituta geratzen da. Izan ere, beste zulo batzuk baino txikiagoa baldin bada ere, oso aberatsa da. Gu, behintzat, pribilegiatu batzuk sentitzen gara.
Kobetaz gain, Arno inguru horretan beste kobaren batzuk ere aztertzen ari zarete?
Bai, noski. Iruroin koba aztertzen hasi ginenean, esaterako, ez zuen garapen handirik. Kabitu ezin ginen zulo bat ikusi genuen, eta bi egunez lanean aritu ostean, zuloaren beste aldera igaro eta beste 200 metroko garapena zuela baieztatu ahal izan genuen. Antzeko kasuak gertatu zaizkigu sartu garen beste hainbat kobatan ere.
Hainbat kobaren sarrerak ere katalogatu dituzue.
Irteerak egiten ditugun bakoitzean sarreraren bat edo beste aurkitzen dugu. Sarrera hori dagoen koordenadak markatu, argazki bat atera eta izen bategaz batera jasotzen ditugu. Gero, sakonago aztertzen saiatzen gara. Aurretik lanean ibili ziren taldeen lanari jarraipena emanda, urte eta erdian beste 60 bat katalogatu ditugu; denetara 160 baino gehiago izango dira.
“Arno azpian, egia esan, sekulako balioa dago, eta orain arte ez zaio nahikoa baliorik eman”
Arnon aztertzeko aukera izan duzun koba eta leizeen artean badago zuretzat berezia denik?
Kobeta leizea oso bertikala da, eta beharrezko soka instalazio eta materialen kudeaketa zuzentzeko aukera eman didan lehenengo leizea izan da. Taldekideek horren ardura eman zidaten, eta horregatik berezia da niretzat. Erronka gogorra eta berezia izan da aldi berean. Arriskuak saihesteko lan asko egin behar izan dugu; harriak erortzen ziren hasierako sarreran, esaterako, eta hori saihesteko instalazio bereziak ipintzen ibili ginen.
Arno inguru hori zerk egiten du hain erakargarri?
Horrenbeste bider zapaldu dugun mendi horren azpian aurkikuntza ezezagunak aurkitzea oso erakargarria da. Arno azpian, egia esan, sekulako balioa dago, eta orain arte ez zaio nahikoa baliorik eman. Lan eremu itzela da. Oro har, karst guztiak oso aberatsak dira.
Zer garrantzi dute denbora tarte honetan egin dituzuen aurkikuntzek?
Niretzako oso garrantzitsua da hau guztia Mutriku eta inguruko herriei ezagutzera ematea. Espeleologia taldearen helburuetako bat eremutik hartzen duguna erakustera ematea da. Horren harira, urtero hitzaldia antolatzen dugu.