Saturrarango bidegurutzean oinezkoen igarobidea eraikitzeko lanak hasi dituzte
Oinezkoen igarobidearekin batera semaforoak ere ipiniko dituzte, bertatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura moteltzeko. Lanak zortzi asteko epean amaituko dituzte.
Mutriku eta Ondarroa batzen dituen GI-638 errepidearen 7,3 kilometro puntuan (KP) oinezkoen igarobidea eraiki eta segurtasuna hobetzeko lanak egiten hasi dira. Zehazki, Saturrarango hondartzara doan bidegurutzean egiten ari dira lanok, Pikupeko etxeen aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek azpimarratu dutenez, oinezkoen igarobidea bermatzea da lanen helburua. Izan ere, errepidea gurutzatzeko igarobide segururik ez da egon orain arte.
Gunean, gainera, semaforoa ere ipiniko dute, bertatik igarotzen den zirkulazioaren abiadura mantsotzeko. Mutrikuko sarreretan dauden antzerako semaforoak ipiniko dituzte. Hau da, oinezkoek botoari sakatzean gorri jartzen direnak. Proiektua idazteaz eta gunean egingo diren hainbat lanez Bide Azpiegituretako Departamentua arduratu da, baina semaforoa jartzea eta horri dagozkion kostuak Mutrikuko Udalaren gain egongo dira.
Aldundiaren dagozkion lanen aurrekontua 73.208 eurokoa da. Aurreko astean hasi zituzten lanak Otegi GaztaƱaga enpresako lankideek, eta 8 asteko epean amaituta egotea aurreikusten dute. Saturraranera doazen ibilgailuen sarrera eta irteera hobetzeko lanak egiten hasi dira, baina datozen asteetan, oinezkoen segurtasuna bermatu eta zirkulazioaren abiadura mantsotzeko asmoarekin bestelako lanak ere egingo dituzte. Besteak beste, zintarri muntagarriak izango dituen irlatxo bat eraikiko dute bidearen erdian; 5,5 metro luze eta 1,70 metroko zabalera edukiko du.
Semaforoaren ondorioz ibilgailuek abiadura moteldu eta gelditu egin beharko dutela kontuan izanik, gainera, oinezkoen gurutzatze lekua baino 50 metro lehenago zorua berrituko dute; zehaztu dutenez, lurzoruaren marraskadura handituko dute. “Errepide horretan zorua birgaitzen ari dira momentu honetan, eta, beraz, egin beharreko lanak era koordinatuan egingo dira. Seinalizazio guztia berrikusiko da, eta gunean semaforoak ipintzeko beharrezkoak diren kanalizazioak ere aldundiak prest utziko ditu, ondoren udalak semaforoak instalatu ditzan”.