Dekretuz itxi behar izan duten eskualdeko ostalaritza negozioak diruz lagunduko dituzte
550 euroko laguntza zuzenak bideratuko dizkiete Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko establizemenduei. Eskaerak abenduaren 15a arte aurkeztu daitezke.
Lea-Artibai eskualdeko hainbat udalek ezohiko laguntza zuzenak bideratuko dizkiete azaroaren 6ko 38/2020 dekretuaren eraginez euren jarduera eten behar izan zuten negozioei. Guztira, 97.650 euro bideratuko dituzte laguntzetan, Leartibai Garapen Agentziaren bitartez. Negozioen aldi baterako itxierak eragindako galera ekonomikoa arintzen laguntzea, eta, ahal den neurrian, negozio horien behin betiko ixtea saihestea da laguntzaren helburu nagusia.
Agentzia osatzen duten sei herriez gain (Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa), Ziortza-Bolibarko eta Munitibarko udalek ere ekimenagaz bat egin dute, “eskualdeko garapen ekonomikoagaz kezkatuta”. Hala, Leartibai Garapen Agentziaren bitartez, zortzi udalerri horietako establezimenduek eskatu ahal izango dute laguntza. Koronabirusak eragindako egoera ekonomiko ezegonkorrari aurre egiteko nahiagaz, udalek herriko negozioei lagundu nahi izan dietela esan dute. “Negozioek diru sarreren jaitsiera izugarria pairatu dute, eta gainera, ziurgabetasunez beteriko etorkizuna daukate aurretik”.
Laguntzei buruzko oinarri guztiak Leartibai Garapen Agentziaren web atarian daude eskuragarri
Dekretuak zuzenean eragin dieten sektoreko jatetxe eta ostalariek laguntzak eskatzeko epea zabalik dago; abenduaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Baldintzak betetzen dituen establezimendu bakoitzak 550 euroko laguntza jasotzeko aukera izango du. Jakitera eman dutenez, laguntza bateragarria da helburu beragatik emandako beste edozein laguntzagaz.
Eskariak Internetez zein modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira. Eskaria Internetez bidaltzea erabakitzen dutenek eskari orria beteta eta dagokion dokumentazioa leartibai@leartibai.com helbide elektronikora bidali beharko dute; dokumentazio guztia posta elektroniko bakarrean bidaltzea eskatu dute. Ostera antzean, garapen agentziak Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan dituen bulegoetara joan beharko da. “COVID-19ak sortutako egoera dela eta, mesedez, eskatzen dugun dokumentazio guztia beteta eta sinatuta ekarri”. Honako tokietan aurkeztu ahalko dira eskariak:
- Lekeitio. Sabino Arana 14, behea, 09:00etatik 13:00etara.
- Markina-Xemein. Lea Artibai Berrikuntza Gunea, Xemein Etorbidea 12 A, 09:00etatik 13:00etara.
- Ondarroa. Kantoipe kalea z/g, 09:30etik 13:30era.
Laguntzei buruzko oinarri guztiak Leartibai Garapen Agentziaren webgunean daude eskuragarri. Diru laguntzak eskatu ahal izateko eranskinak ere bertan aurkituko dituzte eskatzaileek. Informazio gehiago nahi izanez gero, leartibai@leartibai.com helbide elektronikora idatzi edo 94-616 90 88 telefono zenbakira deitu daiteke.