Ondarroako babes dikea sendotzeko proiektua idazteko lana lehiaketara atera dute
Proiektuaren helburua da babes dikeak hausturarik duen ala ez aztertzea, eta, bereziki, azpiegituraren egiturazko egonkortasuna bermatuko duen konponbide bat aurkitzea.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak Ondarroako barrako musturra eraberritzeko asmoa agertu du. Denboraleek kalte handiak eragin dituzte babes dikean, eta horiek konpondu nahi dituzte. Esku hartze hori gauzatzeko, azpiegitura gaur egun zer egoeratan dagoen aztertu eta berau sendotzeko proiektua idazteko lana lehiaketara atera dute. 160.000 euroko (193.600 euro, BEZ barne) aurrekontua du kontratuak. Lizitazioa eragozpenik gabe gauzatzen bada, lanen kontratua 2021eko udaberrian sinatzea espero dute.
Enpresa irabazleak portua babesteko plana sei hilabeteko epean idatzi beharko du. Helburua babes dikeak segurtasunari dagokionez hausturarik duen ala ez aztertzea dela esan dute Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako iturriek, eta, bereziki, egungo araudia jarraituta, azpiegituraren egiturazko egonkortasuna bermatuko duen konponbide bat aurkitzea. Era berean, olatuek barrako musturra gainetik igarotzea saihestu nahi dute, edo hori, gutxienez, nabarmen murriztu.
Proiektua idatzi eta azpiegitura zer egoeratan dagoen egiaztatzeko, portua babesteko plana idazteaz arduratuko direnek bestelako azterketak ere egin beharko dituztela agertu dute Jaurlaritzako iturriek. “Alde batetik, babes dikearen nukleoa zeharkatuko duten zundaketak egin eta laginak hartu beharko dituzte, eta, bestetik, laborategi batean entseguak ere egin beharko dituzte”.