Mikel de la Fuente: "Kotizazio soziala igo ez, baina enpresa planak bultzatzen dituzte"
Ekonomia ikasketak ere baditu Mikel De la Fuentek, eta pentsioena da gaur egun gertutik jarraitzen duen gaia. Arlo ekonomikoaz gain, arlo juridikoa eta soziala ere kontuan hartu behar direla dio.
Pentsioei eta Toledoko Itunari buruzko hitzaldiak ematen ditu Mikel De la Fuentek (Balmaseda, 1948). Gernika-Lumon bizi da egun, eta pentsiodunen mugimenduko kidea da.
Arlo ekonomikoa aztertzen aritu izan zara azken urteotan.
Pentsioen gaia aztertzen eta ikertzen ibili naiz, ez oso teknikoki, baina sakoneko joerak aztertzen ditut. Horretarako, gastuen eta irabazien eboluzioa, finantziazio aukera altenatiboak eta abar aztertu behar dira. Hau da, arlo ekonomikotik, juridikotik eta soziologikotik aztertu beharreko gaiak dira.
Pentsio duinak aldarrikatzeko borrokan jarraitzen duzue. Zein da zuen eskaririk nagusiena?
Alde batetik, iraganeko murrizketak ezabatzea, etorkizunean ondorioak izango dituztelako. Bi lege aipatuko nituzke, eta batez ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren legealdian onartu zuten 27/2011 Legea. Indarrean dago oraindik, eta haren eragina gero eta handiagoa izango da, progresiboki garatuko delako. Hau da, denborak aurrera egin ahala, arauak gero eta murriztaileagoak izango dira. Jubilazio-aldia handituko da, baita pentsioak kalkulatzeko aldia ere… Lege horrek eragin zuzena eta murriztailea izango du pentsioen zenbatekoan eta pentsioak jasotzeko baldintzetan. Baina lege hori ez dago eztabaidagai, eta Toledoko Itunaren gomendioak onartu berri dituzten arren, lege hori bere horretan mantenduko dela aurreikusten da. Bestalde, Mariano Rajoyren gobernuak onartu zuen 23/2013 Legea aipatuko nuke. Pentsioen balioa handitzeko irizpideak ezarri zituzten horretan. Praktikan, urtean-urtean %0,25eko igoera aurreikusten du. Neurri hori, baina, aparteko neurrien bitartez zalantzan jarri zen PPren gobernuak aurrekontuak onartzeko babesa behar izan zuenean. Beraz, urteroko aurrekontuen arabera egokitzen joan da, aldaketak legez arautu ez arren. Toledoko Itunean lege hori aldatzeko gomendatzen da. Eztabaidatzeko gaia da, baina ministroak esandakoaren arabera, errebalorizazioak urte osoa baino laburragoak diren epeetan egitea aztertu daiteke, krisi egoeretan, adibidez. Aldaketa hori pentsiodunak indartsu egon garelako eman da. Hala eta guztiz ere, pentsiodun berriei murrizketak aplikatuko zaizkie, modu progresiboan.
Pentsiodun berriei murrizketak aplikatuko zaizkie modu progresiboan. 2016. urtetik hona, pentsioek gora egin beharrean behera egin dute
Une honetan pentsioen zenbatekoa murrizten doa, beraz.
Bai, baina 2020ko pentsio berriak duela 20 urtekoak baino handiagoak dira. Hala eta guztiz ere, 2016. urtetik hona, pentsioek gora egin beharrean, behera egin dute. Hori, batez ere, Zapateroren legearen ondorioa da.
Eta zergatik mantentzen dira neurri murriztaileak?
Pentsioen gastuari eusteko egin zituztelako. BPGaren %12a da pentsioen gastua. Pentsiodunak gero eta gehiago bagara, portzentajea ere handitu beharko litzateke. Joera mantentzen bada, diru sarreren eta gastuaren artean oreka mantentzeko modu bakarra pentsioak murriztea da. 2011ko erreformaren ondorioa da. Bitartean, soldatek ere behera egin dute.
Toledoko Itunaren xedea da adostasunak lortzea, pentsioak hobetzeko. Baina ez du zuen onespena.
Ez dauka, adostasun horien oinarriak ez direlako egokiak. 2013an onartutako legeak iraunkortasun faktorea jasotzen du. 65 urte ondorengo bizi-itxaropenaren arabera, bost urtero bizi-itxaropena neurtu eta horrek gora egingo balu, pentsiodun berriengan eragina izango luke. Zergatik? Bizi bitartean jaso beharreko diruaren zenbateko osoa berbera izatea planteatzen delako. Horrek esan nahi du pentsioak murriztu egingo dituztela. Toledoko Itunak, adibidez, ez du horri buruz ezer aipatzen. Bilakaera demografikoa iraunkorra bada, 10 urtean pentsioen murrizketa %9koa izan daiteke.
Pentsio duinak mantentzeko, lanpostu duinak eta soldata duinak behar dira.
Baina biak mugatu nahi dituzte, batera doaz-eta: soldatak eta soldatetatik eratortzen diren pentsioak.
Toledoko Itunak ez dauka gure onespena, oinarriak ez direlako egokiak
Eta posible da egoera aldatzea?
Batzuek uste dute gobernuen esku dagoela. Zerbait bai, baina oinarrizkoa ez dago beraien esku. Ikusi da Unidas Podemos gobernuan dagoela, lan erreforma bertan behera uzteko ahalegina zertan geratu den. ERCgaz eta EH Bildugaz akordioa egin arren, ez dute legea guztiz indargabetu, eta ez du ematen egingo dutenik. Botere ekonomikoek eragin handia daukate gobernuengan, baita Europako instituzioek ere, eta politika hauek mantentzeko presioa egiten dute. Aldi berean, baina, onartu ere egiten dute Espainiar estatuan pobrezia handia dagoela, baina pobrezia horren oinarrian dauden legeak bere horretan mantentzen dituzte. Horri buelta emateko indarra gizarte mugimenduek eta sindikatuek egin behar dute.
Hori da, hain zuzen, zuen eskarietako bat: indarrak batzea.
Bai, modu batera edo bestera, pentsiodunen aldarrikapenak lan harreman eta baldintza duinagoekin eta soldata duinagoekin lotzea egokia litzateke. Pentsiodunen mugimenduaren balioa da bere ardura ez dela baka- rrik gaur egungo pentsioen balorea mantentzea; hots, errebalorizazioa eta gutxieneko pentsioak mantentzea. Mugimenduaren ardura da baita 2011koa bezalako erreformak bertan behera uztea. Guri ez digu eragiten, baina bai hurrengo pentsiodunei.
Pentsiodunen artean ere, emakumeen kolektiboa izango da zigortuena.
Bai, horrela da. Pentsioetan arrakala garrantzitsua da. Bereizketa horizontala da arrazoietako bat. Soldata murritzagoak dituzten sektoreetan biltzen da emakume gehien. Eta soldatak murritzagoak dira sektore horietan langile gehienak emakumezkoak direlako. Beste arrazoi bat da bereizketa bertikalarena. Ardura postuak gizonezkoek betetzen dituzte, arlo guztietan. Aldi baterako lanpostuen faktorea ere hor dago, gehiago izaten dira sektore feminizatuetan, eta jardun profesionalaren iraupena ere txikiagoa da emakumezkoen kasuan. Batez beste, gizonen eta emakumeen arteko kotizazio urteen aldea 5-6 urtekoa izaten da. Zentzu horretan, Espainiar estatuko genero arrakala Europar Batasuneko handienetakoa izan da. Hala eta guztiz ere, aipatu behar da gizonek eta emakumeek jasotzen duten pentsioaren zenbatekoaren diferentzia handiagoa dela soldatetan daukaten aldea baino.
Emakumeek erretiroa hartzeko unea atzeratzea dakar horrek kasu askotan.
Hala da. Emakumeen jubilatzeko adin eraginkorra gizonezkoena baino urtebete beranduago izaten da, eta hori Toledoko Itunaren dokumentazioan jasota dago.
Erretiroa behar baino lehenago hartzeak, gainera, ondorio negatiboak izan ditzake.
Toledoko Itunak ez du nahi langileek erretiroa aurretiaz hartzerik. Kontrara. Jubilatzeko adin eraginkorra atzeratzeko proposatu dute, legezko adinagaz bat egin dezan. Gaur egun adin hori 65 urtean dago, eta 37 urte behar dituzu kotizatuta. Kotizazio aldi hori 38 urte eta erdira helduko da 2027an. Eta jubilaziorako adina 67ra ere helduko da. Beraz, adin errealak eta eraginkorrak bat egiteko penalizazioak gogortu ditzakete. Gaur egun, jubilazioa legezko adinari aurreratzen zaion hiruhileko bakoitzeko, pentsioari murrizketa bat aplikatzen diote, %1,5 eta %2,5 artekoa. Hau da, urtean %6 eta %8 artekoa izan daiteke. Azken batean, orekatzea da helburua, eta hil arteko diru kopuru osoa berdina izatea jubilatuta ematen dituzun urteak kontuan izan gabe. Baina pentsioari kentzen dioten portzentajea oreka aktuarialarena da? Ematen du ezetz, handiagoa dela. Beraz, Gizarte Segurantzaren kutxak, galdu beharrean, irabazi egiten du.
Hau da, aurrejubilazioekin dirua aurreztu dezaketen arren, jendea lanean mantendu nahi dute.
Agian horretan oker dabiltza, zentzuren batean, behintzat. Gastuaren murrizketari erreparatuta ere, zigor koefizienteak nahikoak dira gizarte segurantzaren gastuei ez eragiteko. Nire ustez, Gizarte Segurantzak gaur egun gehiago irabaziko luke aurrejubilazioekin, onartu ez arren. Izan ere, aurrejubilatutakoen pentsioei ezartzen dizkieten murrizketekin gehiago irabaziko luke pertsona bati jubilazioa denbora luzeagoan jasotzeagatik murrizten zaionagaz baino. Hori bai, koefizienteak gogortuz gero, are gehiago aurreztuko dute.
Gure aldarrikapenak lan eta soldata duinagoekin lotzea egokia litzateke
Gizarte Segurantzak gastuak murrizteari buruz ari gara. Estatuak ez du bideragarri ikusten, baina pentsiodunen aldarrikapenetako bat da pentsio sistema publikoa ezartzea.
Bai. Aditzera ematen da pentsioak finantzatzen dituzten kotizazio sozialak ezin direla handitu. Mundu globalizatu honetan horrek lanaren kostua handitzea eskatuko luke, eta ez dute bideragarri ikusten. Dagoeneko altuegiak dira, eta enpresen lehiakortasunari eragingo lioke. Baina duela 50 urteko kotizazio sozialak gaur egungo BPGaren ia %11 dira. Pentsioak %12 badira, kotizazioak %10,5 dira, gutxi gorabehera. Gainontzeko aportazioak estatuarenak dira, gutxieneko pentsioak osatzeko. Orain 50 urte kotizazioak BPGaren %3 ziren, eta %10era igotzeagatik ez da hondamendi ekonomikorik gertatu.
Beraz, zein da arazoa?
Agintariek diote ezin dela kotizazio soziala igo, baina gomendioa egiten dute enpresa pentsioetan inbertitzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan horiek borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak dira (BGAE), pentsio planen antzerakoak. Horretarako, enpresen aportazioa eskatzen da, baina zergatik da posible pentsio plan pribatuetan aportazioak egitea eta ez gizarte segurantzara bideratzen dena handitzea? Diotenez, enpresen gastua ezin da handitu, baina Toledoko Itunak pentsio pribatuak bermatzearen alde egiten du. Dena den, ez da egia enpresa gehienek behar beste kotizatuko dutenik, eta aportazio horiek pentsioen osagarri izan behar dira. Gaur arte, kasurik onenean ere –metalean, adibidez–, langileek 1.800 euroko pentsioak jasotzen dituzte bataz beste, baina BGAEren aportazioa 150 eurokoa da, gutxi gorabehera.
Eta langileari soldatatik kentzen diotena?
Ekarpen pribatuetan enpresak egiten du aportazioa, ez langileak. Baina langileak hori osotu dezake borondatez. Hala eta guztiz ere, egia da negoziazio kolektiboak ezarri dezakeela aportazioak erdi bana egitea, langilearen eta enpresaren artean. BGAEkin gertatuko dena da jende askok ez duela halako aportaziorik edukiko, baina beste batzuek bai. Gizarte Segurantzaren ekarpenak handitzearen aurka daudenak ekarpen pribatuak egitearen alde daude. Zergatik? Fidelizazio planak aipatu behar dira horri erantzuteko. Kotizazio publikoak mantendu egiten dira langileak beste enpresa batera joan arren. Plan pribatuen kasuan, ez da horrela, eta interesatzen zaizkien langileak enpresari lotuta mantentzeko modu bat ere bada. Beste alde batetik, arrazoi politiko-ideologikoak ere badira. Pentsio publikoak elkartasun kolektiborako elementu bat dira, eta pentsio plan pribatuek horrekin apurtzen dute, oso indibidualizatuak direlako.
Jubilatuen artean ere generoagatik dagoen arrakala garrantzitsua da. Gurean, plan pribatuak dira pentsioak handitzeko modu bakarra
Elkartasunik gabe, indarrak batzeko aukera gutxiago.
Hori da. Aurtengo aurrekontu legeak, gainera, jasotzen du enpresen ekarpen pribatuek kenkari handiagoak izango dituztela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ).
Zuen eskaria da ekarpen horiek Gizarte Segurantzari egitea.
Bai, sistema publikoa indartzera bideratzea. Pribatuan inbertitzea ezingo da saihestu, baina gutxienez fiskalitatean hobaririk ez dezatela eduki.
Egungo politikak kontuan hartuta, hurrengo belaunaldien pentsioak bermatu daitezke?
Hemen pentsioak desagertuko direnik ez da aurreikusten. Inor ez da ausartuko pentsio publikoen pribatizazioa planteatzera. Dena den, zenbatekoa murriztu gura dute, pentsio pribatuak bultzatzeko. Batzuek gora egiteko besteak murriztu behar dira. Alegia, pentsio publikoak duinak badira, jendeak ez du dirurik inbertituko pentsio pribatuetan. Gurean plan pribatuak badaude; izan ere, gizarte segurantzan eskumenik ez dugunez, pentsioak handitzeko modu bakarra da.