Ondarroako 'Barre Algaraka' bakarrizketa saioa Youtuben ere ikusi ahalko da
Emanaldi guztietako sarrerak agortu direnez, beste alternatiba bat bilatzea erabaki du Ondarroako Udalak. Saioaren grabazioa abenduaren 25etik aurrera egongo da ikusgai, udalaren Youtubeko kanalean.
Herritarren eskaria handia dela ikusirik, baina beste saio batzuk antolatzea udalarentzat ezinezkoa dela kontuan hartuta, Ondarroako Udalaren kultura sailak Barre Algaraka bakarrizketa saioa grabatu eta udalaren Youtubeko kanalean ipiniko du erakusgarri. Zehaztu dutenez, abenduaren 25ean arratsaldean ipiniko dute ikusgai saioa; sare sozialen bidez zabalduko dute bideoaren lotura. “Gabon berezi hauetako bazkalostea barrez pasatzeko aukera polita zela iruditu zaigu, eta hori baliatu nahi izan dugu”.
Helburua, emanaldia ahalik eta herritar gehienek ikusi ahal izatea dela azpimarratu du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. “Jende asko geratu da sarrerarik barik, eta horregatik irtenbide hau bideratu dugu. Emanaldi gehiago antolatuta ere jendea sarrerarik barik geratuko litzateke, COVID-19a dela eta, aforoa murriztuta baitago. Herritar guztiak asetzeko beste saio antolatzea ezinezkoa dugu momentu honetan”.